Urretxuko Udalak Ohiko Osoko Bilkura egin zuen astelehenean. Bertan bi gai nagusi jorratu ziren; PERI delakoaren aldaketa A etxealdeko A.09 eraikuntza unitatea bertan sartzeko eta erabilera publikoko bide eta mendiko pista pribatuen erabilera eta zaintza arautzeko hitzarmenaren behin betiko onespena.
Mendietako pista eta bideen araudia
Baserritarren batzordetik etorritako proposamen da mendietako pista eta bideei dagokiona. Irimo eta inguruetako bide eta mendiko pisten erabilera eta zaintza arautuko dituen hitzarmena alegia. Astelehenean adostutakoaren arabera, erabilera publikoko bide eta baso pisten mantenimenduaren %75a udalak hartuko du bere gain; gainontzekoa bidearen jabeek ordainduko dute.
Ibilgailuen erabilerari dagokionean, hainbat muga ezarriko dira erabilera publikoko bide pribatuetan; gehienezko abiadura orduko 30 kilometrokoa izango da eta ganaduak beti izango du lehentasuna.
PERI
Zoruaren lege berriaren arabera, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari proiektu honen gaineko txosten bat eskatu zitzaion eta honek baldintza pare bat ezarri zituen hau aurrera eramateko. Txosten horren arabera eraikinen aurrealdeak oso ondo bereizi behar ziren eta eraikina altueran igo beharra zegoen. Azkenean PERI plana aldatzeko erabakia aho batez hartu zuten asteleheneko osokoan.
Mendietako pisten eta bideen araudia onartu du plenoan Urretxuko Udalak. (Goierriko Hitza)