Antzina idatzi zien Ritak gurasoei helbiderik gabeko lehen gutuna. Hura Maite zaituztet esanaz hasi zuen gerrako umeak.
Izan ere, gudatik urruntzeko agurtu zituen estazioan, negar bakarrik egin ahal izan zuen. Ordudanik, bizitzaren azken hiru laurdenak daramatza aurreko laurdenera eramango duen trenaren zain. Gaur bezala.
Geltokia euritik gordetzen duten burdinazko egitura hotzetan ilaran jarrita, goitik begiratzen diote usoek. Ritari so daude. Hegoaldeko herrialdeetatik bueltan fokuen epelean egin dituzte habiak.
Ikusten dute nola burua eskuin eskuaren gainean etzanda eta ukalondoa izterrean iltzatuta dituen. Eserita dago larru urratuko maletatxoaren gainean. Hankak zintzilika ditu, kulunkatu egingo balitu bezala. Horregatik, tarteka, Rita Lizar irakurtzen da ume letraz maletan; eta tarteka baita ere, nahita agerian utzi dituen gantxilozko cotton perle galtzerdi zuriak.
Tertziopelo urdin iluneko lazoak kentzen dio ile lakarra kopetatik. Oinak eta burua umetxo batek bezala jantzita ditu. Ezpainetan sehaska kanta bat darabil, minez. Lepokoan amak oparitutako eraztuna darama, txiki geratu zaiolako zintzilika hau ere. Begiratzen dio, zulotik, eta gudalekuan jolastuz ikusten du bere burua.
Balkoitik, parkean dauden haurrei begiratzen die Teok. Aspaldian ez du kalerik zapaldu. Logelatik egongelara eta egongelatik balkoira eramaten dute laukidun fieltrozko etxeko zapatilek, arrastaka. Eta zerua gorritzen denean kontrako bidea egiten du ohean negar egiteko. Gaur gero egingo duen bezala.
Momentuan, euriak higatutako zumezko besaulkian eserita dago. Gorputza indarge eta begi ximurrak jolasean dabiltzan umeen artean, aurkituko ez dutela dakiten neskatilaren bila. Ile harrodun bati segi diote, baina ez da beraiek nahi luketena.
Egunero une hori iristen denean egiten duen bezala, errukiz begiratu dio magalean duen katu grisak. Eta eguneroko errituala betez erantzun dio agureak: ogi-mami bolatxoak jarri ditu barandailaren gainean, besaulkiaren inguruan, ihartutako landare-ontzietan… iparraldetik datozen usoak bera agurtzera etor daitezen.
Izan ere, emaztea hil zenetik oso bakarrik dago eta gudatik trenak eramandako alabaren irudia ahaztuko duen beldur da.
Beldur dira Ritari so dauden usoak, fokuen beroaren goxoan, lumek su hartuko dieten beldur. Habiak eta beren oinordekoen arrautzak txingar txikienarekin kiskaltzeko arriskua dutelako.
Arriskua dute geltokia irekitzen duen lehenengo trenak, edo estazioko argiak itzaltzera etortzen denak, konturatu gabe, harrapatzekoa. Joan-etorrien hegaldi luzeen ostean, hegoek tregua behar izaten dute. Eta geroz eta isilagoak diren trenek oharkabean harrapatzen dituzte, burdinbideko harri-koxkorren artean, mokoarekin urre bila, haurrak parkean bezala, jolasean dabiltzanean.
Teori konpainia egiten dieten usoei, haurrek, parkean jolasean dabiltzanean, harrika ere egiten diete gupidagabe. Gudazelaietako biktima errazenak dira. Katetik askatutako txakur kumeak bezala, atzetik antxintxika, estu hartzen dituzte neska-mutilek algara artean. Ausartenak ostikoak ematen ere saiatzen dira. Usoek aztoratuta, hanka txikiak salto txikiak egiten, hegoak dar-dar betean… gibelean entzuten dute nola areagotzen diren jarraitzen dituzten zalaparta eta xaramelak.
Entzuten dute, mmmmmmrrr-mmmmmmmrr, katua desafioka, atzaparrak gainera botatzeko irrikan. Haren biboteek kilimak egiten dizkiete garondoan, baina ez diete barregurarik eragiten. Ume baten inozentzia behar da balkoi honetako paisaian irri egiteko. Ume baten inozentzia, eta, datozen eta doazen usoek eraztun bat ekartzea oinean.
Amaia Artolazabal Amilleta