Hilabetetako lana amaitu da. Goiargi abesbatzak bere hogeita bost urteko historia liburu batean bildu du, eta liburuaren aurkezpenarekin batera eman diote amaiera 25. urteurrenaren inguruan egindako ospakizun zerrendari.
Liburua argitaratzeko lanean Urretxuko eta Zumarragako udalen laguntza jaso dute, baita herritar askorena ere. Liburuak, Goiargi abesbatza 1982an Maite Palaciosen eta Bixi Garziandiaren eskutik sortu zenetik, Xabier Barriolak gizonezkoen ahotsak sartu zituenekotik pasa eta gaur artekoa kontatzen du.
Lehenengo pertsonan
Liburuak lehenengo pertsonan kontatzen du Goiargiren historia. Izan ere, koruko kide batek baino gehiagok idatzi du liburuan, taldeak bere ibilbidean kantari eta pertsona gisa eman diena azalduz.
Mertzedariar lekaimeek urtero irekitzen dizkiete euren etxearen ateak, han kontzertu bat eskain dezaten; eta mojentzat ere badago tokia liburuan, Alex Areizagak egindako lanari esker. Andoni Salameroren hitz goxoek liburua edertu dute, eta baita Koldo Cadiernoren marrazkiek ere. Laguntzaile horiei guztiei eta baita Argazkia taldeko kideei ere eskerrik beroenak eman dizkiete Goiargikoek asteburuko aurkezpenean.