Herenengungo osoko bilkuran 2009ko aurrekontuak onartu zituzten Zumarragan. Mikel Serrano alkatearen arabera «egoera ekonomiko berezi honi aurre egiteko» aurrekontuak dira. PSE-EEren, PPren eta EAren aldeko botuekin onartu zituzten. EAJk kontra bozkatu zuen, eta EB-Berdeak/Aralar taldeko zinegotzia abstenitu egin zen.
Datorren urtean Zumarragako Udalak 17 milioi euro gastatuko ditu. Gastu orokorrak 13,5 milioikoak izango dira, gastu arruntak eta kapital gastuak barne. Kopuru horri Zumarraga Lantzen udal erakundeari izendatutako 3,7 milioi euroko aurrekontua gehitu behar zaio.
Datorren urtean bi proiektu garrantzitsu eramango dira aurrera: geltoki intermodala eta Antioko interpretazio zentroa. Bi proiektu horiek garatzeko Udalak diru laguntzak jasoko ditu, baita Antiotik Belokira doan mendi-bidea konpontzeko ere.
“Egoera ekonomiko bereziari” aurre egiteko aurrekontuak onartu dituzte. (Goierriko Hitza)