Gazteriari zuzendutako sail berezia lanean hasiko da 2009an Zumarragan. Abenduaren 17ko udalbatzarrean proiektuarekin aurrera jarraitzea erabaki zuten alderdi guztiek. Udalaren antolamenduan haurrei, nerabeei eta gazteei zuzendutako arlo berezia sortuko dute, sektore horren beharrei erantzuteko.
Zumarragako Udalak Gazte Informazio Zerbitzua sortzeko diru laguntza eskatu zion Gipuzkoako Foru Aldundiari 2007 amaieran. Aldundiak aholkularitza zerbitzua eskaini zion Udalari, eta elkarlanari ekin zioten bi erakundeek. Aldundiko teknikariek haurren, nerabeen eta gazteen beharrak aztertu dituzte bi hilabete eta erdi iraun duen kale-lana eginez. Lan horri esker sektore horrek dituen beharren mapa osatu dute.
Helburu orokorrak
Foru Aldundiak proposatutako ereduari jarraituz, gazteriari zuzendutako politiken helburua haurren, nerabeen eta gazteen heziketan, heldutasunerako bidean eta emantzipazio prozesuan laguntzea da. Horretarako Udalak arreta berezia eta jarraipena eskaini beharko dizkio gazteriari.
Datozen hiru urteetan garatuko den programa martxan jarri nahi du orain Udalak. Hasi berri den 2009an aisialdia modu hezitzailean lantzeko urratsak egingo dituzte, ekipamenduak hobetu, berritu eta horien kokapena aztertuko dute.