Hasieratik dena ez,
hesietatik eztenez,
kalteez talka, kontra atakez
onurak ezerez.
Norbere suak beti kez
pizteko besteen zurez,
belea zozo, zozoa bele
kexatu da beltzez.
Datorrena ingurura,
onartu eta zakura,
denari baian, penak ibaian
mudatu da duda.
“Zertarako ni ardura
joanean doa ura!”
Ikusezinaz, ezinikusiz
itsutik itxura.
Errua beti auzoan,
errorik ez arazoan;
batzuk zein bestek, patu nahiz belzte
urrun ezetz joan.
Hori esanda palkoan,
oso modu erosoan,
ni ere ez naiz askotxo busti
bertso-sail osoan.
Amaia Artolazabal