Itsasoak haitzak irentsi ditu lau metroko letagin zorrotzekin. Pasealekuko bankuen bakardade zaporeak lerde dariola utzi du, horregatik busti dira autoak bitsez.
Zakarrontzi bat kontrako eztarritik joan zaio. Ene, baietz bihar hondartzan agertu!
Piruleta goxoena bailitzan miazkatzen ari da lehorra. Ahoan sartu, atera, sartu, atera. Gustuko du, baina gelditzea hobe duela pentsatu du, Donostia garrasika ari dela iruditu baitzaio.
Agian oker dago, ordea. Baliteke oihuok bere miazketak eragindako eszitazioaren ondorio izatea, apika Donostiari berari hainbat gustatzen zaio. Beti izaten du zalantza bera, hiria erabat irentsi edo noizbehinka apur bat dastatu? Bigarren aukeraren alde ateratzen da beti, badakielako zenbait gauzek ez dutela atzera bueltarik.
Gozokia askatu du, zenbait banku eta auto hurrengo otordurako utzi ditu. Hondartzako toldoak, aldiz, ez, ezta zakarrontziak eta barandaren zati bat ere.
Egongelan eseri da itsasoa, besaulkian eroso jarri dira urak, beren lekua hartu dutelarik. Telebista piztu du. Nolako ezustekoa! Platerean apur txiki bat utzi duela ikusi du Telecinco-n, bere letaginetako batek oharkabean harrapatu duen hirurogeitaka urteko gizon bat. Kazetariaren atzean beltzez jantzitako emakume adindu bat ageri da aterki urdin baten azpian. Badirudi ez duela malkoentzako aterkirik inon topatu.
Lotsa sentitu du itsasoak. Bere amaren sermoiaz akordatu da orduan, denetik jan behar dela eta hori guztia. Bazkaritan dilisten artean porru zati bat antzemanez gero, ahotik ateratzen zuen txikitan eta hala egin du gaur. Badaki gaizki egin duela.
Horregatik, hurrengo otorduan ahoratutako guztia txintik esan gabe tragatuko duela zin egin dio bere buruari. Prestige okada bat bera ere egin gabe irentsi zuen bere amaren omenez egin du zin, eta albistegian Prestige bezain beltz jantzita ikusi duen andrearengatik ere bai, bide batez.
Amaia Iturriotz