Hamaseigarren Korrikak Euskal Herria zeharkatuko du martxoa eta apirila bitartean. Martxoaren 26an hasiko da aurten Tuteran eta hamar egunen buruan, apirilaren 5ean amaituko da Gasteizen. Azken egunen honetan, goizaldean igaroko da Korrika Urola Garaitik.
Aurkezpena Zumarragan
Bart aurkeztu zen Korrika 16 Zumarragan. Ander Zudaire, Urola Garaiko Korrikako arduraduna eta Aritz Ibarrola, Gipuzkoako arduraduna izan ziren aurkezpen ekitaldian.
‘Ongi etorri’ da hamaseigarren Korrika honen leloa. Ibarrolak azaldu zuenez, euskara berreskuratzea nahi du Korrikak, euskararen erabilera bermatzea eta euskara ikasi nahi dutenek horretarako aukera izatea. Baina nahi izatea ez da nahikoa. Horregatik herritar, erakunde eta administrazioei euskararen normalizazioa bultzatzeko konpromisoa hartu dezatela exijitu nahi die. Bide batez, Korrikak ongi etorria egin nahi die aurten, euskararen normalizazioan lagundu eta eragin nahi duten guztiei.
Omenaldiak
Korrika guztietan bezala, aurten ere izango da omenaldirik. Kanpotik etorri eta euskara ikasi ondoren transmisioa bermatu duten familia guztiei egingo die omenaldia Korrikak. Baita euskara galdu eta berrikasi duten familia eta norbanako guztiei ere.
Apirilaren 5ean Zumarraga eta Urretxun
Korrikak bere azken egunean bisitatuko du Urola Garaia. Apirilaren 5ean goizaleako 2:00ak inguruan iritsiko da Korrika Bergaratik, Zudaire, Urola Garaiko arduradunak azaldu zuenez.
Ibilbidea:
- Urretxu: Deskarga gainetik Ipeñarrieta kalea eta Labeaga igaroko ditu, Lizeo paretik eskuinera Kalerrota kalera joango da Zumarragara igarotzeko.
- Zumarraga: Piedad kaletik Elizkalera eta Urdaneta hiribidera joango da, ospitaleko biribilgunetik Euskal Herria kalera iritsi eta hortik Legazpirako bidea hartuko du.
Guztira 7,5 kilometroko ibilbidea egingo du Zumarraga eta Urretxun lasterketa herrikoiak. Urola Garaian orotara 17,5 izango dira.
Ekintzak
Korrikarekin batera Korrika kulturala ere antolatuko dute aurten arduradunek. Korrika lagun, kuestazioa, korrikako arropa eta kilometroak saldu edo propaganda banatzea izango dira datozen asteetan egin beharrekoak. Zumarraga eta Urretxuko herritarrei Korrikaren antolaketan parte hartzeko deialdia luzatuko zuten atzoko aurkezpenean. Hala, datorren asteartean, hilaren 17an batzordea osatzeko lehendabiziko bilera egingo da Zelai Ariztin, 18:00etan. Ahalik eta jende gehien biltzea da antolatzaileen asmoa.