
Hamaseigarrenez aurten ere
badatorrela Korrika,
albiste honek euskaltzaleoi
sortu ohi digu irrika.
Har dezagun lekukoa eta
furgonetari segika,
ia euskaraz janzten ditugun
hainbat auzo ta karrika.
Tuteran hasi indartsu eta
bukatu berriz Gasteizen,
hamar egunez gau eta egun
hainbat herri zeharkatzen.
Hala ta guztiz ahalegintxo bat
egiten saia gaitezen,
egun hauetan bizitakoa
urte guztira zabaltzen.
Ezinbestean jarri beharko
gaur leloari begira,
kanpotar asko Euskal Herrian
euskara ikasten ari da.
Zuen jarrera ta ahalegina
askoren eredu dira,
ongi etorri euskaraz bizi
nahi genukeenon herrira!
Itziar Etxezarreta