
Euskal Herrian barrena bi mila kilometrotik gora egin ondoren, igande goizaldean iritsiko da Korrika Urretxu eta Zumarragara. Guztira 7,5 kilometroko ibilbidea egingo du Korrikaren hamaseigarren aldiak gure herrietan.
Korrika Txikia
Korrikaren etorrera girotzeko, dena den, hainbat ekitaldi antolatu dituzte datozen egunetarako. Gaur esaterako, azken urteetan ohikoa bihurtu den Korrika Txikia egingo da. Zumarraga eta Urretxuko ikastetxeetako ikasleak korrika zeharkatuko dituzte bi herrietako kaleak arratsaldeko 15:00etatik aurrera. Amaitutakoan, Bertso Eskolako bertsolariek girotuta, askaria banatuko da korrikalarien artean.
Baina Korrikak aurten, haurreskoletan ere izango du presentzia. 0-1 eta 1-2 urteko haurrak haurreskoletako patioetan metro batzuk egingo dituzte, modu sinbolikoan.
Larunbatean, Korrika iritsi aurretik, 22:30ean hasita ‘Bertso Musikatuak’ izango dira Gaztelekun, Martxoan Bertsoa egitarauarekin amaitzeko. Bertso Eskolako hainbat kidek hartuko dute parte musikaldian. Aurten gonbidatu berezia Jon Martin bertsolaria izango da.
Korrika
Korrika igandean goizaldeko 2:00ak inguruan iritsiko da Urretxu eta Zumarragara. Antzuolatik iritsiko da Korrika eta Deskarga gainean hartuko dute testigua Zumarraga eta Urretxuko txistulariek eta Irrintzi Dantza Taldeko kideek 1:40ean. Behin Urretxu herrian sartuta Ipeñarrieta kalea eta Labeaga igaroko ditu, Lizeo paretik eskuinera Kalerrota kalera joango da Zumarragara igarotzeko. Piedad kaletik Elizkalera eta Urdaneta hiribidera joango da, ospitaleko biribilgunetik Euskal Herria kalera iritsi eta hortik Legazpirako bidea hartuko du. Zintzo Mintzo Euskara Elkarteak eta Eusko Alkartasunak pasako diete testigua legazpiarrei.
Urretxu eta Zumarragako testigu aldaketak:
- 2362 km (1:42):
– Deskarga gainetik – Sasieta parera: Urretxu eta Zumarragako Txistulariak eta Irrintzi Dantza Taldea
- 2363 Km (1:48):
– Sasieta paretik – Butanos-era: Urola
– Butanos-etik – Are zabalgunera: Zumarraga-Urretxuko Ikastola
- 2364 Km (1:55):
– Are zabalgunetik – Aparizioko zubira: Zumarraga-Urretxuko Ikastola
– Aparizioko zubitik – Akelarre elkarteraino: Gainzuri ikastetxea
- 2365 Km (2:01):
– Akelarre elkartetik – Goldeneko plazatxoraino: Urretxuko Udala
- 2366 Km (2:08):
– Goldeneko plazatxotik – Aldiri parera: Udal euskaltegia eta Lurra Dantza Taldea
– Aldiri paretik – Alaska tabernaraino: Ezker Abertzalea
- 2367 Km (2:14):
– Alaska tabernatik – Hirukia tabernaraino: Gazte Asanblada
– Hirukia tabernatik – Antiguako bidegurutzera: Zumarragako Udala
- 2368 Km (2:21):
– Antiguako bidegurutzetik – Beloki frontoira: Bertso Eskola eta Aranburu harategia
– Beloki frontoitik – Ospitaleko biribilguneko semaforora: Iparragirre Institutua
- 2369 Km (2:27):
– Ospitaleko biribilguneko semaforotik – Orbegozo bukaerara: Zintzo-Mintzo Euskara Elkartea
– Orbegozo bukaeratik – DIA supermerkatu parera: EA
Informazio gehiago