Baietz erantzun dit.
Egia da gertatu zitekeela banekiela. Baina atzo ez nekienez ez nengoen, gaur banago badakidalako. Eta zer sentitu ote behar dut orain? Berria da hau. Jertsea altxatu dut, sabelari begiratu diot eta atzoko sabel bera dela iruditzen zait, zilborrak itxura arrarorik ez du; baina atzo, konturatu naiz, nire sabelari une batez ere ez nion erreparatu. Gaur garrantzitsua da bat-batean kobazulo bihurtu delako, atzo ere kobazuloa zen arren. Begiratzen diot eta Tengo un pasajero, dentro de mi cuerpo abestia etortzen zait burura, Parálisis Permanenterena, etengabean. Pozik nagoela esan beharko nuke. Atzotik gaur bitartean zer aldatu den ezin dudala neurtu uste dut eta horrek ikaratu egiten nau.
Mezu bat iritsi zaio: “ernalduta”. Irribarre batek marraztu du bere aurpegia eta harrotasunaren koloreak bere masailak tindatu ditu bere buruari “egin dut” esango balio bezala.
Ez al zen hau begizta arrosadun kamisoi zurien garaia? Emakumeak eder, zoriontsu eta alai gauden garai emankorra? Erdizkako egia da hori. Ni arraro sentitzen naiz, prediktorrarena baino froga gehiago behar ditut behin ere botaka ez dudalako egin, nire sabela hazi bada ez dudalako nabaritu eta nire titien tamainaz gain, egoera honen beste sintomarik ez dudalako. Bakarrik arraro sentitzen naiz, arraro eta bakarrik. No woman no cry. Negarrik ez, ez da hori.
Zygfggffdgdgggfgdgd gdgdd dfgdgdd sbvvcvbcbbbvbcbc bcbxxc -.,mnb cvcc xxzzz<hgfffdddssaa llkjjjv bxbbcbx v,mnnnn nnnnbvcxz<n
Egun hauetan ama izango den hori etxera itzuli den bakoitzean ezer ere ez da bere gustura egon. Orroka ibili da: hau ez dago ondo hemen grrrrr, hori gaizki garbituta dago, ez dago ezer ere hozkailuan, nik egin behar al dut dena? Grrrrrrrrr. Une batez dena egina zuela uste izan zuen Bob bigarren mailako aktorea nahastuta dago. Harrituta begiratzen dio. Ondokoari dagokionez, deus ere ez du ondo egiten egun hauetan. Bizikletan joango bailiran besarkatzen du ohean lotarakoan, baina bera urrundu egiten da, espazioa uzten du bien artean, horrela eroso ez dagoela esaten dio. Oso urruti dagoela iruditzen zaio bigarren mailan gelditu den aita izango denari. Egia da, urrun dago, etxeko edozein eskinatan dabil bere gorputza katu bat balitz bezala miazkatzen. Bob ez dagoenean berekin egon nahi duela esaten dio eta ondoan duenean ez du berekin egon nahi. Beste balizko bat ere badago, Bob bere kasa badabil molestatu egiten da.
Beldur txikiak ditut, gainetik ezin ditut kendu, inori ez diot esan nire bidaiariarena, gertu-gertukoei baino ez. Ez dakit zer izango ote den hobeto, bederatzi hilabetetan apenas froga bat egitea ala egoera honetan egutegian hainbeste data borobildu beharra, gaixo nagoela ematen du edo, akaso, neurotika hutsa naiz. Itxarongelarik ez dago, korridorea luzea da, ilaran dauden aulkietako batean eserita nago, lehenengo ekografia egiteko zain gaude, bi orduko atzerapenarekin jada. Korridore honek inolako intimitaterik ez du. Nire izena esan dute, banoa barrura, bera oraindik ezin da sartu. Ekografia egiteko tresna falikoa sartu didate azpietatik eta orduan irudia: eskuak, burua, hankak, egina dago bere txikitasunean. Eskua emaidazu, emozionatu egin gara, haurdun nago.
Vvbvcx<<<xxcvbnmm,.-;)
Miriam Luki