Ostegunean Osoko Bilkura egin zuen Urretxuko Udalbatzak, eta Espainiako Gobernuak tokiko erakundeetan inbertsioak egiteko zabaldu duen fondora aurkeztu beharreko proiektuak eztabaidatu zituzten. Bi proiektuak onartu zituzten bilkuran.
Espainiako Gobernuak herri bakoitzaren biztanleriaren araberako diru kopuruak izendatu dizkie udalei, Urretxuren kasuan 1.156.618 euro. Diru horren %70 proiektua onartzen dutenean emango diete, eta gainontzekoa behin lanak amaitutakoan. Kopuru horrekin bi proiektu burutuko dituzte Urretxun: Santa Barbara auzotik Basagasti kalera doan errepide zatia hobetzeko lanak, eta Santa Barbara parkearen lanen lehen fasea.
Palestinaren alde
Puntu horrez gain bi mozio onartu zituzten Osoko Bilkuran alderdiek. Lehenengoa EB-Aralarrek aurkeztu zuen, eta Palestinari elkartasuna adierazten zion mozioa zen. Agirian Israelgo estatua «terrorista» gisa definitzen zuten, eta azken erasoak «ekintza terroristak» zirela ere salatzen zuten. Alderdi guztien oniritzia eta EAJko zinegotzien abstentzioa jaso zuen mozioak. Jeltzaleek beste testu bat irakurri zuten, erasoak salatuz.
Nafarroaren konkista
Azkenik, Amaiurko herriak aurkeztutako mozioa onartu zuten bilkuran, PSE-EEren kontrako eta gainontzeko alderdi guztien aldeko botuarekin. Horren arabera, Urretxuko Udalak duela 500 urte Nafarroaren, hau da, gure Estatuaren independentzia defendatu zutenei agur eta ohore egiten die. Amaiurren (Nafarroa) otsailaren 1ean egingo duten ekitaldira ordezkaritza bidaliko du Udalak, mozioa onartu den bilkuraren akta hara eramanez.