Valladoliden espaloiek estuak dirudite zinez larunbat arratsaldeetan.
Milaka begi saltarinak bailiran orain hona, gero hara. Supituki nireek zureekin tupust egin dute. Zer diren begiak. Mundua ikus dezazun eta munduak ikus zaitzan.
Bi kanika berde hiriaren zuritasunean, 318.461 arimaz osaturiko bakardadean. Bi eguzki berde esan behar nuen, baina ez darizu distira handirik. Berdearena ere kentzekotan egon naiz, esperantza zer den dakizunik duda egiten dudalako. Alabaina, ez dut gezurrik esan nahi; berdeak dituzu begiak eta negar egin berri duzu.
Konplizitateak zubi bat sortu du bion begi-ninien artean: kristalezkoa edo harrizkoa, ez nago ziur. Zubiari esker nigana iristen imajinatu ditut zure mutil-lagun kabroia, zure ama zena, zure neba atzeratua, zure aita alkoholikoa, zure amonaren alzheimerra… Ontzi forman elkartu ditut eskuak, zubitik datozkidan hipotesi ibiltariek litro bana malko uzten baitute nire gain. Astunak dira malkoak. Ez dakit, berun bihurtzeko abildade berezia daukate.
Nekatu egin naiz, ahul sentitzen ditut besoak. Kolpez lurrera isurtzen utzi ditut zure malko guztiak, hatzezko katilua bitan zatitu dudalarik. Lotsatuta, ez dut zubiari eusten jakin. Klasss! Bai, kristalezkoa zen.
Malkozko ibai bat espaloian, zubirik gabea. Supermerkatua. Zakur bat. Amona bat autobus geltokian. Oraindik bereiz ditzaket zure pausoak urrunean. Lepoa biratu dut. Aldapan behera doana ni naizen arren, ibaia zure atzetik doa. Badakit malkoak lurrundu arte eskuetan mantendu izan banitu orain ez zenukeela ibai bat itsatsirik edukiko itzalaren ordez. Nork du, ordea, hurkoaren arazoak lurruntzeko beharra? Lurruna ipuin bat da eta ibaiak izoztu egiten dira.
Amaia Iturriotz