
Krisi ekonomikoaren eraginpean hasi berri den urterako aurrekontuetan murrizketak egon dira. Udalaren sail batzuei beste batzuei baino gehiago eragingo die gutxitze horrek. Kultura sailaren kasuan aurrekontuak %20 egingo du behera iaztik, eta horrek zenbait ekitalditan eragina izango du. Aurreko urteko kultura programazioarekin alderatuta desagertuko den ikuskizun bakarra Erdi Aroko azoka izango da. Apirilean egin izan da, sei urtetan jarraian, eta orain aurrekontu faltagatik ez dute antolatuko.
Eragin gehiago
Murrizketa dela eta, erakusketekin argitaratu izan dituzten katalogoak ez dituzte kaleratuko aurten. Lehiaketetako epaimahaiko kideen kopurua mugatu egin dute, hiru lagunera; eta liburutegiko jarduerak bertako langileekin burutzen saiatuko dira ahal denetan.Kultur etxea ireki zutenetik «dinamika polita sortu» da, eta mugimendu hori ez apurtzearren tailerrekin orain arte bezala jarraituko dute. Antzerki denboraldia hilaren 22an aurkeztuko dute, eta hemen ere aldaketa handirik ez da izango Udaletik aurreratu dutenez. Udal liburutegian berriz, eragingo du aurrekontuaren murrizketak. Liburu gutxiago erosiko dituzte aurten, eta irakurtzeko zaletasuna bultzatzeko jarduerak, ahal duten neurrian, bertako langileek burutuko dituzte.