
Osakidetzak 2005. urtetik 2011. urtera arteko Euskara Plana diseinatu zuen, ospitale guztietan martxan jartzeko asmoz. Orain Zumarragako Ospitalean egindako lanaren balorazioa egin dute, eta datuak oso onak ez diren arren Ospitaleko euskara arduradun Patxi Eletaren arabera erabilera datu gordinek erakusten dutena baino zabalagoa da.
Txostenaren arabera langile gehienek ez dute hizkuntza eskakizuna behar bezala egiaztatuta eta txostenak datu hori oinarri hartuta neurtu du erabilera. Lehentasuneko unitateetan (harrera, pediatria, arreta zerbitzua eta larrialdiak) zerbitzua euskaraz bermatua egon beharko litzateke. Euskara Planean helburua lehentasunezko unitate horietan %20k hizkuntza eskakizunak ziurtatzea da. Bigarren mailako unitateetan %5ek. Kopuru horiek ordea, ez dituzte lortu, txostenak ematen dituen datuak erdian uzten baititu lorpenak. Ondorioz, oraindik ere Zumarragako Ospitalean euskarazko arreta jasotzeko aukera ez dago bermatua ehuneko ehunean.
Dena den ez dira guztiak datu negatiboak, Eletak esan duenaren arabera inprimaki eta komunikazioetan bi hizkuntzatan eskaini ahal izateko lan handia egin baita urte hauetan. Zumarragako Ospitalean guztira 500 bat lagunek egiten dute lan.
Balorazioaren eta Patxi Eleta Ospitaleko euskara arduradunarekin egindako elkarrizketa osorik irakurtzeko jo Goierriko Hitzara hemen klik eginda.