
Zumarragako Zelai Arizti Kultur Etxearen webgune berria aurkeztu dute. Kultur etxea eta Udala herritarrei gerturatzeko bidean pauso bat gehiago dela esan du Mikel Serrano alkateak. Estitxu Gomez kultura teknikariaren lana izango da webgunea eguneratzea eta erabiltzaileen iradokizunak jasotzea.
Kultur Etxearen webgunean menua bi hizkuntzatan dago, euskaraz eta gaztelaniaz. Aleatorioki bat ala bestea aurkezten du sartutako aldi bakoitzean. Ikurrina jarri dute euskararen sinbolo, eta Espainiako bandera gaztelaniarena.
Hiru gunetan banatu dute informazioa. Kultura agenda osoa biltzen duen atala dago. Gaika sailkatu dute; arte eszenikoen barruan, adibidez, antzerki denboraldia kokatu dute, edota musikaren barruan martxoan zehar egingo dituzten Matine Musikalak. Lehenengo menu horretan jaien atala ere badago; han sartuko dute uztaileko Santa Isabel jaien egitaraua. Momentuz iazkoa dago.
Bigarren atala
Kultur etxe barruko egitasmoak bildu dituzte bigarren menuan. Bertan aurki daitezke tailerren eskaintza, ikusgai jarriko dituzten erakusketak, areto nagusian dauden ekimenak, udal liburutegiari buruzko informazioa, kultur etxean biltzen diren elkarteen berri, kultur zerbitzuarekin kontaktuan jartzeko bidea, helduen eskola, Arte Ederren eskola eta KZgunearen berri. Musikari ere tartea egin diote, eta Sekundino Esnaola Musika Eskolaren kontaktua ipini dute, baita kultur etxean biltzen diren musika taldeena ere. Musika tresna bakarrarekin entseguak egiteko hiru gela badaudela ere aipatzen da.
Kultura ekitaldiak egutegi batean atondu dituzte, eta kultur etxeko aretoak Internetez eskatzeko aukera ere badute norbanakoek zein taldeek. Bloga ere badago, eta Facebook-erako lotura. Udalaren webgunearekin ere lotu dute.