
Martxoan Bertsoko bertsolari txapelketari amaiera antologikoa eman zitzaion ostiralean Urretxuko Gaztelekuan jokatu zen final handiarekin. Hiru talde ezberdinek baina erakargarrik neurtu zituzten indarrak, eta azkenean Manex Mantxola, Ander Kerejeta eta Aitor Lizarazurentzat izan zen Pott zeramika taldekoek egindako garaikurra. Jendetza bildu zen beste behin ere Gaztelekun.
Izan ere, badu zerbait berezia eta deskribatzen zaila dena Gaztelekuko finalak. Urtero sorrarazten du ikusmina herriko bertsozaleen artean, kantuan diren taldeak edozein direla ere. Kanporaketetan puntu gehien lortu duten Potato (Asier Otamendi, Rikardo Gonzalez Durana, Felipe Zelaieta), Oilarrak (Itziar Etxezarreta, Asier Sasieta, Gorka Azkarate) eta Tupis-Tupau (Manex Mantxola, Ander Kerejeta, Aitor Lizarazu) taldeak izan ziren kantari. Gaijartzaile lanak Gorka Ojangurenek egin zituen, eta epaile Nerea Elustondo eta Eugenio Lizarralde ziren.
Hasierako agur umoretsu eta antzerkizkoen ostean, saio puntuagarriko giroak ere ez zuen une batean ere behera egin. Bertso on ugari entzun zen ariketa guztietan. Potato taldean, Urretxutik Araba aldera joandako Otamendi bertsolaria nabarmendu zen beste bien gainetik. Ale dotoreak bota zituen, bere maila agerian utziz. Oilarrak taldean Etxezarreta izan zen taldea bizirik mantendu zuena, eta bera izan da txapelketako errebelazio nagusia. Sasietak kartzelako ariketan bertso ederra bota zuen, eta Azkaratek goia zortziko txikian jo zuen, baina puntuaketatik kanpo zegoen propina moduko bertso batean, hirugarrenean. Ateraldi xelebreenaren saria behintzat, poltsikoratu zuen, bertso horri esker.
Talde irabazlea, Tupis-Tupau izan zen, baita publikoaren iritziz talderik gustukoena ere. Aste zaila pasa dute Lizarazu eta Kerejeta lehengusuek, amona hil zaielako, baina lan bikaina egin zuten taldean, Mantxolak bereziki. Bertsotan egiteko aparteko dohainak dauzkala erakutsi zuen berriz. Publikoaren bertsolari gustukoena Mantxola izan zen. Lizarazu eta Kerejeta gogotik saiatu ziren, eta ederki borobildu zuten lana.
Amaieran Zubertsotan puntu-erantzun lehiaketako sariak banatu zituzten. Ane Aierbe izan da irabazlea. Bigarren saria Andoni Jakak jaso du, hirugarrena Nahikari Ganboak. Aipamen bereziak, berriz, Aitor Etxetxuri Servierrek eta Mirari Azkaratek jaso dituzte.
Finaleko sailkapena:
1. Tupis-Tupau taldea 179,58 p
2. Potato 176,75 p
3. Oilarrak 176,08 p
Informazio osatua Zumarraga eta Urretxuko bertso eskolako web orrian.