
Iñaki Mendiluze Txugi zenaren omenezko hamabosgarren 8ko futboleko txapelketa antolatu du Urola Kirol Elkarteak. Urolaren lehen futbol taldeko jokalari izandakoa gogoratzeko egin ohi duten txapelketa da, urtero Aste Santuan jokatzen dena.
Bihar da txapelketa eguna, Argixaoko zelaian ariko dira 09:15etik aurrera. Zortzi jokalariko taldeak lehiatuko dira, alebin mailako azken urtekoak: Zarautz, Reala, Athletic, Tolosa, Eibar, Osasuna, Mirandes eta Urola. Talde horiek bi multzotan banatu dituzte eta faseka jokatuko dute goizean zehar. Finala 13:25ean hastea iragarri dute antolatzaileek. Ondoren, 14:00ak aldera, emango dituzte sariak. Sari banaketarekin batera Mendiluzeren familia omenduko dute Urola kirol elkarteko kideek.
Txapelketa faseka egingo dute, lehenengo eta behin taldeek sailkapena lortzeko jokatuko dute. Ondoren, finalera iristeko partidak jokatuko dituzte. Lehenengo fase horretan bi multzotan banatuko dituzte taldeak. Ligaxka antzekoa jokatuko dute euren artean, eta partidek hogei minutu iraungo dute. Partida bakoitza amaitutakoan hiruna penalti botako ditu talde bakoitzak, berdinketarik balego haiek erabakiko dutelako.
Fasekako txapelketa
Irabazitako partida bakoitzeko hiru puntu lortuko dituzte, eta berdindutako partidarengatik bat. Talde bakoitzetik sailkapena lortzen duten taldeek lehenengo lau postuetarako lehiatuko dira, eta besteak hurrengo postuetarako.