9:00: Geroz eta nagitasun handiagoa ematen du goizean denda irekitzeko garaiz jaikitzeak.
Garraio-gizonak etortzen direlako kamioiak hustu eta dendako apalak betetzera, bestela…
- Egun on, etxekoandre!
- Egun on! Oraintxe irekiko dizut biltegiko atea.
- Ondo da.
Iraungi egiten dira jakiak, galdu egiten dira fruta eta barazkiak, gora doa argindarraren prezioa eta hilero-hilero ailegatzen dira fakturak. Eta kontuak ez dira ateratzen.
- Hurrena arte, etxekoandre!
- Poliki joan!
- Itxi dugu biltegiko atea.
- Eskerrik asko!
12:00
Ez dago ordubete aurretik denda ixteko prestatzen hastea baino gauza tristeagorik. 12:55 arte ez da hurrengo bezeroa etorriko.
- Eguerdi on, Koro!
- Baita zuri ere! Lauzpabost txanpon, mesedez!
- Tori.
- Eskerrik asko.
Eta beste galdutako goiz baten sentsazioarekin joango da etxera, goserik gabe eta burua jatera.
12:55
Dena txukun-txukun dago. Badator goiza ixteko espero zen azken bezeroa.
- Eguerdi on, Koro!
- Baita zuri ere! 11,38 euro, mesedez.
- Tori, justu ematen dizut. Bihar arte!
- Eskerrik asko, aio!
16:30
Zertarako lehenago etorri ezer prestatzera. Arratsaldeko lehenengo bezeroa etorri arte, izango da goizean desordenatu ez dena atontzeko tarterik.
18:00
Mugimendua nabari da dendan. Edonola, eskuko hatzekin kontatu ahalko dira gaur ere bezeroak.
- Arratsalde on!
- Kaixo!
- Zer moduz, Koro?
Umeen meriendarako dozena-erdi bat sagar. Oliba-olioa, botila bat. Gatza. Tetrabrik pare bat esnea, 2 kg patata, baratxuri-buru sorta bi… Betikoa, eta pozik egon behar!
18:15
Zertara ote datoz tente mantendu ezin daitezkeen gazte horiek dendara?
- Viva denda honetako andrea!
- Ssssss! Ez eskandalurik egin. Bota egingo gaituzte eta!
- Bota…. Desafioa bota didazu kalamidade horrek… Nireak gehiago pisatu baietz!
- Hementxe dago fruta eta barazkien saila. Atera ezazu zure aparatutxoa, ea balantzara iristen zaizun. Ja, ja, ja!
- Hasi zeu! Ez zara txilibitua atera eta pisatzera ausartzen ala? Txori txikiak ez du kabitik atera nahi…
18:30
Aztoratu dira arratsaldeko bezeroak, salbuespen egoera aldarrikatu da dendan.
- Mesedez, gazteok! Gorde zuen zakilak beren tokian, eta ezer erosteko asmorik ez baduzue, irten dendatik.
- Lasai, andrea! Bagoaz.
- Zer gertatzen zaizue zuei? Ez al duzue halako gizonik inoiz ikusi?
- Zaude isilik, kalamidadea. Hemen ez da ezer gertatu, gu bagoaz.
- Gertatuko ez zen, ba! Harro-haizeak bukatu zaizkizu, lagun. Pisuan gehiago da nirea!
- Ez dizuet berriz esango. Oraintxe ez bazoazte, poliziari deituko diot.
- Hobe dugu kasu egin. Zuretzat txapela.
- Denok testigu, entzun diozue.
Bukatu da dendako lehenengo salbuespen egoera. Astegun buruzurian mozkortuta gizontasun apustuak egiten… Nora iritsiko ote gara?
19:00
Badator bigarren salbuespen egoera: bete egin da denda. Orain ezingo du Korok ordubete aurretik denda ixteko prestaketak egiten hasi.
- Arratsalde on, Koro!
- Kaixo, Koro!
- Zer moduz zaude, Koro?
- A zer eguna gaurkoa eh, Koro!
- Zer gertatu da, ba?
- Halakorik!
- Pasatu denean, gustura, ezta?
- Gabon, Koro!
- Bihar arte!
- Eskerrik asko, denoi!
20:30
Pertsiana itxi eta etxera berriz. Ez diote kontatzeko daukana sinetsiko.