Azaleko gaitzik ohikoenetakoa da. Kasuen %60an bizitzako lehen urtean hasten da eta %85ean lehen 5 urteen barruan.
Gorputzak inguruko estimulu jakin batzuen kontra edo baldintza emozional ezberdinen aurrean modu exageratuan erreakzionatzen du. Gaixoek azala oso lehor izaten dute eta, azkura handia ematen duenez, hatz egiterakoan lesioak eta infekzioak sortzen dituzte. Badira egoera okertzen duten faktoreak: azalarekin kontaktuan dauden arropak (artile eta ehun sintetikozkoak), ingurugiroko baldintzak (beroa, hezetasuna), janari batzuk (esnea, zitrikoak, tomatea, kafea, txokolatea, marrubiak, alkohola…). Higiene neurri egokiak hartzea eta produktu egokiak erabiltzea da garrantzitsuena. Bainu azkarrak, ur epelarekin eta gel bereziekin. Gehiegi igurtzi gabe lehortu eta, azala pixka bat heze dagoela, krema hidratatzaile bereziak eman. Azkazalak moztu infekzioak ekiditeko. Agerraldiak gogorrak direnean, dermatologoak kortisona duten pomadak errezeta ditzake. Berehala konpontzen dute arazoa, maiz erabiliz, ordea, larruazaleko atrofia ekar dezake.
Izaro Soraluze
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide