Osoko bilkura berezia egin zuen Udalbatzak herenegun Zumarragan. Gai zerrendan arin egin zuten aurrera Zumarraga Lantzen udal enpresaren puntura iritsi ziren arte. Antioko interpretazio zentroaren gaia ez zegoen zerrendan, baina galdera-erantzunen txandan atera zen gai hori ere.
Zumarraga Lantzen udal enpresari kapital trasferentzia egitea onartu zuen Udalbatzak, EAJren ez beste alderdi guztien babesarekin. Udaleko kontu-hartzaileak emandako azalpen teknikoen arabera, Udalak Zumarraga Lantzeni geltoki intermodaleko lur azpiko aparkalekuaren kudeaketaren mandatua eman zion, eta Eusko Jaurlaritzatik eta Foru Aldunditik iritsitako diru laguntzekin eta Zumarraga Lantzenek bideratuko duen aparkalekuen salmentatik ateratzen duten diruaz gain, Udalak falta dena jarriko du: 774.926 euro. Hori izango da, hain zuzen, ere, udal sozietateari egingo dioten kapital trasferentziaren zenbatekoa.
Antioko interpretazio zentroaren inguruko eztabaida sortu zen bilkura amaitu aurretik. Sagarnak alkateari egotzi zion Foru Aldundiak interpretazio zentrorako ez duela diru laguntzarik emango salatu izana. «Badakigu ez duzula Maria Jesus Aranburu Kultura diputatuarekin hitzordurik eskatu gai horri buruz hitz egiteko». Mikel Serrano alkateak erantzun zion: «Egia da gaiari buruz hitz egiteko gonbidapena egin zidala. Oso arraroa iruditu zitzaidan interpretazio zentroari buruzko informaziorik ez zuela esan zidanean; izan ere, badakit bere idazkari pertsonala EAJko zinegotzia dela Zumarragako udalean». Eztabaidak jarraitu egin zuen. Serranok «historia, memoria eta ostalaritza» batuko dituen interpretazio zentroaren aldeko apustua mahai gainean utzi zuen; «proiektu osoa daukadanean Foru Aldundira joateko asmoa daukat», segurtatu zuen.
Arartekoaren gutuna
Fariñasek egindako galderak Serrano alkateari aukera eman zion Arartekoak Antiguarekin plataformak bidalitako eskakizun bati emandako erantzuna irakurtzeko.
Arartekoak emandako erantzunaren oinarrian dago Udalbatzak eskumena baduela aurreko urteko abenduaren 22an hobetsitakoa onartzeko. «Parte-hartzea goraipatu egiten du», nabarmendu zuen alkateak Arartekoaren idatziari aipamena eginez. Sagarnak gutunak hori esaten duela onartu zuen, «baina guk beti esan dugu maila juridikoan eskumena duela, baina maila moralean eta etikoan ez du legitimitaterik».