Jones jaunak, Krisiston zirkoaren jabeak, berak eta bereek bapo bazkaldu ondoren ematen zien jaten eta edaten abereei.
Pon Poni aurreko hanken parean jartzen zion pozale urdina: pipita gehiegi zituen meloi-hondarra, laranja-azal mordoa, txitxirioak, azal lodidun patata kiloa eta identifikatzeko zailak izaten ziren beste hainbeste soberakin.
Orduko hartan aspaldian beti bezala itzalean lotu zuen. Pribilejio hori eman zioten urteek, zaldien artean zahar-txoena zen, eta zirkoan jarduteko erakutsitako dohainek. Gainera, zaldiek ez dute inoiz ikasi fundamentuz arrantza egiten; eta isilik egoteak zenbat balio duen…
Herriaren bukaera iradokitzen zuen tabernako terrazatik hurbil zegoen lotuta, biluztu zuen arbolatxo bati. Jones andrea siestan egongo zen senarraren zain. Arropa gutxirekin, ziur aski, hura ere; bestela nola esplikatu senarraren presa: “To, Pon Pon! Gaur ere nik emandako dena jan behar gizagaixo horrek!”, ipurdi gainean bi kolpe, aspaldiko adiskideei egiten zaien moduan, eta ospa egin zuen Jones jaunak.
Esaneko zaldia zen Pon Pon eta pozaleko dena bakarrik ez, hurritzaren hostoak, tabernako bezeroek utzitako olibak… Jaten hasita, hurritzera lotzen zuen soka parean tokatu zitzaionez, hura ere karraskatu egin zuen. Nork jakin, biharamuna esku hutsik etor zitekeen.
Jones jauna, Krisiston zirkoaren jabea, siestatik jaikitzerako, ez zuen Pon Ponek haren itzalera lotzen zuen ezer. Pozale urdina hustuta zuen ordurako gainera. Beraz, ez zitzaion ondo iruditu hurritzaren itzalean otzan-otzan etzanda jarraitzea. Libre zegoen eta libertatea praktikatu behar zuen. Aldatu beharko zuen zerbait errotik. Zirkotik alde egin eta bertan lanik egin behar izango ez zuenez, izango al zuen bere bizitzan egin beharreko aldaketan pentsatzeko astia!
Batzuetan gauzak berez etortzen dira; gutxitan. Egia da Pon Ponen ihesaldia ia konturatu gabekoa izan zela, oztopo handirik gabea: bestela lehenago amore emango zuen. Espaloia zegoen tarteetan, handik egiten zuen bidea. Espaloia bukatzen zenean, errepidean sartzen zen. Aukera zuen guztian bide ertzeko belarra zapalduz, trostan, egiten zuen aurrera: ez zuen oinetako ferrak ferratuko zizkion inor. Hala ere, ez da gezurra Krisiston zirkoko kamioietan errazago egiten zirela kilometroak.
Animatzen zuten autoetako bi hankadunek: batzuek bozina jotzen zioten, beste batzuek abiadura murriztu eta argazkiak ateratzen zizkioten zaldiari. Herrietan sartzen zenean, haurrek, gazteek, ez hain gazteek eta gazte izandakoek txaloz hartzen zuten. Balkoiak palko bihurtzen ziren, bertako bi hankadunak zapi zuriak astinduz.
Bera luze etzateko bezain handia zen larre berdea bilatzen zuenean, geratu egiten zen, soilik orduan. Pozale urdinaren zain egoten zen pixka batean. Baina Jonestarrekin ez zegoenetik ez zitzaion pozale urdinik iristen. Burua makurtu eta belarrari heldu behar izaten zion. Jin, jan eta, segituan, joan; ez zuen besterik egiten. Etzateko tarterik hartu gabe, badaezpada ere.
Etengabeko joan horrek nondik zetorren eta non zegoen ez jakitera eraman zuen. Aurkituko zutela pentsatzen zuen. Jones jaunak Pon Ponen buruari, bizirik edo hilik, prezioa jarriz gero, topatuko zuen norbaitek. Gauzak horrela, mesfidati, segi eta segi baizik ez zuen egiten zaldiak, “nire hanken gainean ez dabilen guztia etsaia da”.
Oraindik hemen inguruan bueltaka omen dabil. Muturra karraskatuta duen soka lepoan lotuta, zintzilika duela. Krisiston zirkoa egongo den herrian azaltzen da hura iritsi baino egun pare bat lehenago. Arrantza-irrintzika, Jonestarren zirkoaren iragarle da, nahi gabe. Animaliek hitz egiten zuten garaian bizi izan balitz, agian, beste era batera kontatuko zatekeen istorioa.
Amaia Artolazabal Amilleta