Herriko eta inguruko literaturazaleak ilunabarra letraz janzteko elkartuko dira gaur. Ilunabar literarioa Santa Isabel jaien atarian kokatu dute aurten. Ez da izango, baina, literatura zaletasunak jaietan izango duen tarte bakarra. Udal Liburutegiak sustatuta Biziletra egitasmoa ere garatuko dute.
Bergarako Idazle Eskolan urtero argitaratzen duten Luma berrien elea aldizkaria duela hiru urte Zumarragan aurkeztu zuten, eta bide batez herriko sortzaileak elkartu zituzten. Azken batean, Ilunabar literarioa testu irakurketa saioa izango da. «Irakurriko diren testuak norberak idatzitakoak dira. Bakarren bat egon daiteke beste egileren batena, baina gutxienak dira», dio antolatzaile taldeko kide Gorka Azkaratek.
Hamabost-bat lagun bildu ohi ditu egitasmoak. Hasiera batean Legazpi dorretxean egiten zuten, eta iaztik Zelai Arizti kultur etxera aldatua dute ekitaldia. Ikus-entzuleak ere biltzen dira irakurketak entzutera; «ez da jaietako makro-ekitaldi bat, baina bere txikitasunean erakartzen du jendea».
Herri askotako sortzaileak etorriko dira, Irun, Aretxabaleta, Elgoibar edo Beasaingoak. Hala ere gehienak herrikoak izango dira. Egitasmoa «irekia» dela gogoratu du Azkaratek, «literatura gustuko duen jendearen topagunea izatea du helburu, eta literaturaz gozatuz une atsegin bat pasatzea».
Literaturak eta irakurtzeko zaletasunak beste aukera bat ere izango dute jaietan. Biziletra egitasmoa antolatu du Udal Liburutegiak uztailaren 4rako, igandea. Bizikleta da Biziletra, eta bizikletaren energiarekin doazenen irakurketak izango dira; bizikletak etxetxo bat eramango du, eta barruan doazenek irakurtzeari uzten badiote bizikleta geratu egingo da. Irakurleek beraiek aukeratuko dituzte irakurgaiak, baina helburua Biziletra ez gelditzea izango da.
Bihar hasiko diren jaietako ilunabarretan denetarako tokia dago.