Goierriko hamalau enpresak denera 1.833.340 euro jasoko dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarritako Krisiaren Kontrako Planetik. Enpresa horiek Zumarragan, Legazpin, Beasainen, Idiazabalen, Olaberrian eta Ormaiztegin daude. Berrikuntza, hausnarketa eta nazioarteratze proiektuetara bideratuko dute enpresek, eta horrez gain 21 gazte gaitu kontratatzeko aukera izango dute. 1,8 milioi euro horiek hedapenez 5 milioi inguruko inbertsioa suposatuko duela adierazi du Diputazioak, inguruko enpresek ere egin beharko baitute ahalegina.
Bestetik, Krisiaren Kontrako Planetik 40 milioi euroko diru laguntza ere emango dute Gipuzkoako hiru errepidetako obrak bultzatzeko. Horien artean dago Urretxu-Antzuola errepide zatia.
182 aukeratu dituzte
Gipuzkoa mailan 500dik gora enpresak parte hartu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarritako deialdiaren barruan. Berrikuntza, hausnarketa eta nazioarteratze proiektuak aurkeztu dituzte guztiek, eta Aldundiak horietatik 182 aukeratu ditu. 182 horietatik Goierrikoak 14 dira, eta horiek dira hain zuzen diru laguntza jasoko dutenak. Diru horrekin 14 enpresen artean guztira 16 proiektu jarriko dituzte abian.
Foru Aldundiko ordezkariak bailaraz bailara ari dira bisitak burutzen. Atzo ahaldun nagusiak, Markel Olanok eta Jose Ramon Guridi Berrikuntzarako foru diputatuak Krisiaren Kontrako Planetik diru laguntza jasoko duten Goierriko bi enpresa bisitatu zituzten: Legazpiko TTT Ejes SA eta Ormaiztegiko Irizar kooperatiba. Bisita egiteaz gain bi enpresetako ordezkariekin bilera egin zuten.
Olanok aipatu zuenez, atzokoa bezalako bisiten helburu nagusia emandako diru laguntzek zein erabilera izan duten bertatik bertara ezagutzea da, baita bestetik, enpresaren egoera ezagutzea ere.
Pixkanaka indartzen
Krisiari dagokionez, Olanok aipatu zuen 2008an aktibitatearen jaitsiera nabaritzen hasi zela ia sektore gehienetan, eta 2009 eta 2010 urteak konplikatuak izan direla. Olanoren ustez nazioarteratze prozesuak garrantzi berezia du gure merkatuaren parte garrantzitsu batek, Espainiak egoera gogorra bizi duelako. Horregatik enpresek nazioarteratze prozesu horretan esfortzu berezia egin beharra dutela azpimarratu zuen. Goierriko enpresak zentzu horretan lehiakorrak direla aipatu zuen. Garraioaren sektorean, esaterako, punta-puntan daude Irizar eta CAF.
Azkenik, egoerak hobera egin duen arren, sekula ez dela lehengoa izango gaineratu zuen eta guztiok, enpresek, gizarteak eta baita administrazioak egoera berrira egokitu behar direla esan zuen Olanok.
Argazkia: Markel Olano Legazoiko TTT Ejes S.A.-n.