Ezkio-Itsasoko, Legazpiko, Urretxuko eta Zumarragako udalek eta Uggasa mankomunitateak Fokatu Urola Garaia lelopean argazki lehiaketa dute abian ekainaren 5etik. Ekimen horren bidez, herritarren artean ingurumenarekiko kontzientziazioa bultzatzea eta garapen iraunkorraren kontzeptua zabaltzea nahi dute.
Aurten txapelketarako argazkiak ateratzeko oinez gaia jarri dute, eta nahitaezkotzat jo dute argazkia ikusi bezain pronto Goierri garaiko lau herrietakoren batean aterata dagoela konturatzea.
Lehiaketan interesatuta dagoen edozein argazkizalek parte har dezake. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez hiru argazki original aurkeztu behar ditu, 40×50 neurriko kartoi mehe eta gogorrean edota passe-partoutean. CDan ere entregatu beharko dituzte.
Lanak aurkez daitezke jada
Argazkiak entregatzeko epea irekita dago jada, eta irailaren 3ra bitartean eraman ahal izango dira Ezkio-Itsasoko udaletxera edota Uggasak Legazpin eta Urretxun dituen bulegoetara, 09:00etatik 13:00etara bitartean.
Epaimahaia lau udal horietako ordezkari banak, Uggasako kide batek, Argazkia argazki elkarteko ordezkari batek eta Ikatza argazki elkarteko ordezkari batek osatuko dute. Epaimahaiak irailean emango du jakitera bere erabakia. Argazkietan gaiarekiko lotura, kalitatea eta gaurkotasuna baloratuko dituzte.
Irabazleak 300 euro, garaikurra eta diploma eskuratuko ditu. Bigarrenak 200 euroko saria eta diploma, eta hirugarrenak 100 euro eta diploma. Sariak Mugikortasun Astearen barruan banatuko dituzte, irailaren 16tik 22ra bitartean.