Zumarragako Udalak, Gipuzkoako eta Euskadiko Automobilgintza Federazioekin eta RAC Vasco Navarrorekin lankidetzan antolatzen duen ekimena da Antioko igoera edo rallya. Iaz egin zen lehen aldiz eta aurten errepikatu egingo da, berrikuntzekin eta aldaketekin. Aldaketa nabarmenena ibilbideari dagokiona da. Iaz bi kilometro luzeko ibilbidea izan zena, aurten lau kilometrora pasako da. Hasiera berriz, Eizagako gasolindegi zaharrean izango du eta ez Ispilla kiroldegian iaz bezala. Helmuga Antion egokituko da beste behin.
Momentuz ez dago jakiterik zenbatekoa izango den parte hartzaile kopurua, baina Fernando Fariñas, Zumarragako Udaleko kiroletako zinegotziak aurreratu duenez, iaz bezala, 40 bat inguru pilotu elkartzea espero dute. Jakina da dena den, iazko irabazlea, Aitor Zabaleta bergararra parte hartzaileen artean izango dela aurten ere.
Proba hilaren 5ean
Aurten bigarren aldiz errepikatuko den proba, irailaren 5ean gauzatuko da, igandez. Eguerdiko 12:00etan emango zaie hasiera entrenamenduei, 15:30ean izango da lehenengo txanda ofiziala eta 17:00etan bigarrena. Proba guztiak amaituta Zumarragako Euskadi plazan izango da sari banaketa. Hain justu, sari banaketa ekitaldiak irauten duen bitartean, erakusgai izango dira Antioko igoeran parte hartu duten zenbait auto.
Boluntarioak
Bestalde, Fariñasek azaldutakoaren arabera, laguntzaileak behar dira antolaketa lanetarako. Horretarako Zumarragako Udalak deialdia zabaldu du herritarren artean. 70 bat pertsona behar izango dira, besteak beste hesiak jarri eta kentzeko. Prest dagoenak izena eman dezake jada Ispilla kiroldegian.