Gi-632 errepidea abuztuaren 2tik 31ra egon da itxita, Zumarraga eta Ormaiztegi arteko saihesbidean. Zehazkiago esateko Urretxu-Legazpi lotunean, RENFEko trenbidea igarotzen den gunean egin dute pasealekua hilabetez luzatu diren lanetan. Lanak amaituta, errepidea bihar irekiko da trafikoarentzat Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bide Azpiegituretako departamentuak jakitera eman duenez.
Errepidea trafikoarentzat ixteak, beharrezko segurtasun neurriak bermatzea ahalbideratu du. Gainera, abuztuan gauzatu da itxiera, urteko garai honetan nabarmenki egiten baitu behera trafikoak gune horretan. Hartara eragozpenak murriztea lortu da. Bitartean Gi-2632 errepidea erabili behar izan dute autoek Ormaiztegi eta Zumarraga artean.
Beasain-Durango
Beasain eta Durango lotuko dituen errepideko Beasain-Bergara ardatzak 23 kilometroko luzera du eta 300 milioi euroko aurrekontua. Lehendabiziko tartea Beasain-Zumarragari dagokiona martxan da. Bigarrena, Zumarraga-Urretxu/Legazpi lotuneari dagokiona urtea amaitu aurretik irekitzea aurreikusten da. Era berean, hurrengo zatiko lanak, Zumarraga-Urretxu/ Legazpi Antzuolarekin lotuko dituena (Deskargako tunela) 2010ean hasiko dira. Antzuola eta Bergara lotuko dituen zatiaren proiektua aldiz, idazketa fasean dago.