Saskibaloia modan dago eta euskal taldeen liga, ACB, munduko indartsuenetakoa da. Lehiaketa honek jarraitzaile asko ditu, baina gutxi dira Aitor Andola bezain fidelak.
ACB ligak ez du sekreturik 15 urteko gazte honentzat, talde gehienen kantxak bisitatu baititu eta jokalari onenekin argazkiak atera baititu. Real Madrileko Sergio Llullek bakarrik ihes egin dio. Harrapatzen duenean NBAra salto egingo du.
Aitor Andolak saskibaloia odolean darama, bere aita Jose Mari ere zaletua baita eta Goierri taldean jokatu baitzuen. Umetan telebistan ikusten zituen partida gehienak, baina azken hiru urteetan asko eta asko zuzenean ikusi ditu eta jokalari onenak ezagutu ditu. Joseba Urdangarin osabarekin eta Jon Idiakez Rooney lehengusuarekin joaten da.
Andolak talde ezberdinetako 100 jokalari baino gehiagorekin atera ditu argazkiak jada: Bartzelona, Real Madril, Joventut, Caja Canarias, Fuenlabrada eta, nola ez, hiru euskal taldeak. Urretxuarra aurtengo liga irabazi duen Caja Laboral-Baskonia taldearen jarraitzailea da.
Andolak saskibaloi jokalariengana hurbiltzea erraza dela dio. “Oso umilak dira eta eurengana gerturatzea oso erraza da. Futbolariekin alderatuz oso ezberdinak dira. Eskertzekoa da gurekin hitz egiteko eta argazkiak ateratzeko inongo eragozpenik ez jartzea. Zinpeko zaintzaileek jokalariek baino askoz ere zailtasun gehiago jartzen dizkigute. Baten bati urrutitik deitu diogu eta ez entzunarena egin beharrean guregana etorri da”.
Eurekin argazkiak atera dituztenetako batzuk mundu mailako izarrak direla aipatu behar da. “Gehien hunkitu gaituztenak espainiar selekziokoak dira. Munduko eta Europako txapeldunak eta Olinpiar Jokoetako azpitxapeldunak direla kontuan izan behar da. Jorge Garbajosa, Felipe Reyes, Ricky Rubio eta Juan Carlos Navarro, adibidez, mundu mailako izarrak dira eta ez digute inongo eragozpenik jarri eurekin argazkia ateratzea eskatu diegunean. Maila horretako futbolariengana heltzea ezinezkoa da”, azaldu du.
Dena den, hirukote hau geldituko duenik ez da jaio oraindik: Cristiano Ronaldori argazki bat ateratzea lortu zuten! “Santiago Bernabeu estadioaren kanpoaldean geunden, milaka pertsona zeuden eta segurtasun neurriak izugarriak ziren. Jokalariengana hurbiltzea ezinezkoa izango zela zirudien, baina Jonek ideia bikaina izan zuen: jendearengandik urrundu eta semaforo baten ondoan jarri ginen. Cristiano Ronaldori gorri jarri zitzaion eta argazkia atera ahal izan genion. Oso gertutik atera genion. Pentsa… grano bat ikusten zaio! Gizatiarra da nonbait!”, aipatu du txantxetan Urretxuko gazteak.
Andola, Urdangarin eta Idiakezek pasadizo gehiago dituzte kontatzeko. Grazia gehien egiten diena Ricky Rubiorekin lotuta dago. “Barakaldoko BECen izan ginen berarekin. Kantxan ez genuen lortu berarengana hurbiltzea eta galerietara joan ginen. Aurkitu genuenean, Joni komunera joateko gogoa piztu zitzaion. Ricky Rubiok Jon komunetik irten arte itxaron zuen! Gainera, ondoren Navarro eta Basileri deitu zien”, oroitzen du.
Donostiako zaintzaileek Bartzelonako izar gazteak baino eragozpen gehiago jarri zizkieten. “Ordubete eman genuen zain, baina ez ziguten pasatzen utzi. Autorako bidea hartu genuen eta Barbour ikusi genuen. Bere autoa gelditu genuen eta jaitsi egin zen. Handik minutu batera Pankok gauza berbera egin zuen”.
Tematiak izateaz gain, zortea dute. “Behin, Amaran, jatetxe baten bila genbiltzan eta motxila bat zeraman mutil gazte bat gelditu genuen. Andaluziar doinuarekin erantzun zigun… Rai zen, Lagun Aro taldeko basea!”. Dena den, beti ez dute zortea izan. “Sergio Llullekin argazkia ateratzea ez dugu lortu oraindik: bitan deitu diogu eta bietan ez entzunarena egin du”.
Jokalari hauekin guztiekin egon ahal izateko saskibaloi kantxa nagusiak bisitatu dituzte. “Saskibaloiaren tenplua Gasteizko Buesa Arena da, baina Fuenlabradan bizitakoa ahaztezina izan zen. Bere zalegoa sekulakoa da. 60 urteko emakumeek danborra nola jotzen duten ikusgarria da… Gainera, oso adeitsuak izan ziren gurekin: lehen ilaran jarri gintuzten, zuzendaritza-batzordeko kide batek klubaren etorkizuna diren bi afrikar gazte aurkeztu zizkigun, aldageletara sartzen utzi ziguten eta Luis Guil entrenatzaileak gurekin argazkia atera zuen kaleratua izan baino minutu batzuk lehenago. Ondoren Joventut taldearen hotelera joan ginen eta jokalari guztiek gurekin argazkiak atera zituzten”.
Euren azken biktimak Harlem Globetrotters taldeko jokalariak izan dira. Euretako batek eskumuturrekoa oparitu zien, gainera. Estatu Batuetako saskibaloiarekin lehen hartuemana izan ondoren, NBAra salto egiteko prest daude. “Hau guztia lagun batzuen laguntzari esker egin ahal izan dugu. Juan Carlos Gonzalez Gontxalek, adibidez, Tel Aviveko Maccabi taldeko jokalariek sinatutako kamiseta lortu behar digu. Hurrengo helburua Estatu Batuetara joatea da. Osabaren lagun batek, Bruce Storms du izena, NBA ligako hiru partida ikusteko sarrerak lortu behar dizkigu. Jack Nicholson aktorearen ondoan eseriko garenik edo Pau Gasolekin egongo garenik ez digu ziurtatu: hori gure esku”.