Eider Gabilondo urretxuarrak 23 urte ditu eta Aldundiaren ‘Altuning pro Gipuzkoa’ sarietako bat irabazi du.
Sariketa hau atzerrian ikasi duten unibertsitariei zuzendua dago eta helburua beste lurralde batzuetako esperientziak biltzea da. Gabilondok Suediako gizarte politikei buruzko lana aurkeztu zuen. Urretxuarrak ikastolan eta lizeoan egin zituen oinarrizko ikasketak eta ondoren Deustuko Unibertsitatera joan zen Enpresa-zientziak ikastera. Beste herrialde batzuk ezagutzea gustuko du eta udaberria Suedian eman zuen.
Zer izan nahi zenuen umetan?
Ezer berezirik ez. Ez nuen ezertarako bokaziorik.
Aisialdian zer egitea atsegin duzu?
Tokiak ezagutzea eta lagunekin egotea.
Bizitzeko toki bat?
Munduan bizitzeko moduko toki asko daude, baina Urretxun ondo gaude.
Nora joango zinateke gustura oraintxe bertan?
San Franciscora, nahiz eta duela gutxi izan nintzen. Bestalde, jendea Suedia eta Norbegia bisitatzera eramango nuke.
Gehien gustatu zaizun txokoa?
Norbegiako fiordoak.
Zer da Suedian gehien gustatu zaizuna?
Klase sozialen arteko aldea ez dela nabarmena.
Eta gutxien gustatu zaizuna?
Prezioak.
Zer eramango zenuke Suediara?
Hemengo kultura eta euskal grina.
Eta zer ekarriko zenuke handik?
Oso saiatuak dira. Gu ere bai, baina haiek are gehiago.
Gustuko dantza?
Mugituak direnak gustatzen zaizkit. Makilekin egiten direnak, adibidez.
Ilehoriak ala beltzaranak?
Beltzaranak.
Egindako azken oparia?
Lehengusuari Suediatik ekarritako fularra eta futboleko kamiseta.
Eta jasotakoa?
Arkatz bat. Munduko herrialde ezberdinetako arkatzak biltzen ditut.
Data bat?
San Joan gaua.
Mutil eta neska izen bana?
Anartz eta Ainhoa.
Zein egunkari irakurtzen duzu?
Kafetegi batera joaten naizen bakoitzean bertan dagoen edozein eta Interneten Goierriko Hitza, El Diario Vasco…
Gustuko telebista saioa?
Sé lo que hicisteis, Aída… Barrea eragiten dutenak atsegin ditut.
Bereziki gorroto duzuna?
Oh happy day! ez zitzaidan batere gustatu.
Pelikula bat?
La vida es bella.
Liburu bat?
A la sombra del templo, Toti Martinez de Lezearena.
Soinu bat?
Errekarena, mendian.
Usain bat?
Hezetasunarena, beroa egiten duenean.
Janari bat?
Oilaskoa.
Ura ala…
Garagardoa.