Hamahiru urte, ireki dira
nerabeen leihatilak
eta malkotan urtzera nakar
jostailu zaharren pilak
Maddi panpinak, oraindik ditu
txirikorda kiribilak
irri ulerkor, mesfidati bat
egina dit neskatilak
beti ematen nizkion pozik
pa goxo, bero, hurbilak
orain ordea musu hobeak
jasotzen ditu mutilak.
Jostailu denak ikusi eta
jarri naiz bela trantzean
oroitzapenak etorri zaizkit
kutxa zarra irekitzean
momentu asko biziak ditut
hauek denekin funtsean
gorputz osoa dantzan jarri zait
berriz guztiak batzean
amak diosta toki gehiegi
hartzen dutela etxean
askozaz leku gehiago hartzen
dute nire bihotzean.
Barbie panpina oraindik ere
lehen bezain polit dago,
Play mobilakin mila histori
nola ditudan igaro,
Nenucorekin ibilia naiz
jolasean pozik klaro,
soineko kurtsi arrosarekin
kuttuna nuen Izaro.
Nahiz eta askok uste direla
plastikoa ta akabo
niretzat beti izango dira
trasteak baino gehiago.
Nola guztia hondatu zaien
lurrikara soil batekin,
erori dira mila bizitza
ta beste hainbat eraikin.
Bakarrik daude, asko umezurtz,
erdi gaixo eta zikin,
eta halere eguna beti
irriekin dute ekin.
Bidali ditut Haiti aldera
hainbat jostailu ta panpin,
amatxok utzi dun hutsunea
bete dezaten hauekin
Leire Akizu