Aritz Egea urretxuarrak 26 urte ditu eta ikastolan eta lizeoan egin zituen oinarrizko ikasketak.
Ondoren Mondragon Unibertsitatean Injeniaritza ikasi zuen eta egun Doktoregoa egiten ari da. Kirolzale amorratua da: mutikotan atletismoan aritu zen, ondoren txirrindularia izan zen eta azken urteotan triatloian maila bikaina ematen ari da. Urrian Hawaiko proba ospetsuan parte hartu du, Jon Azpiazu zumarragarrarekin batera. Egeak 9 ordu eta 22 minutu bakarrik behar izan zituen igeriketan lau kilometro, bizikletan 180 eta korrika 42 egiteko.
Zer izan nahi zenuen umetan?
Arkitektua.
Aisialdian zer egitea atsegin duzu?
Kirola egitea.
Bizitzeko toki bat?
Edozein lekutara moldatzen naiz, baina Zumarragan ez bizitzea gustatuko litzaidake.
Triatloiko hiru kiroletatik, zein duzu gustukoena?
Txirrindularitza.
Zeinetan moldatzen zara hobeto?
Korrika.
Gustuko korrikalaria?
Beltzak orokorrean. Azkar korrika egiteaz gain, estilo polita dute. Zuriok sekula ez dugu horren azkar eta polit egingo.
Gustuko txirrindularia?
Armstrong, baita Tourra lehenengoz irabazi aurretik ere. Minbizia izan zuen garaian bere inguruko informazioa eskuratu nuen eta ordutik gustuko dut. Askotan suertatuko zait oraindik eztabaidetan bere alde egitea.
Gustuko igerilaria?
Ian Thorpe. Igeriketa ikustea beti gustatu zait.
Ilehoriak ala beltzaranak?
Denak.
Egindako azken oparia?
Hawaitik ekarri ditudan gauzak.
Eta jasotakoa?
Fitz Roy espedizioko kamiseta bat.
Data bat?
Ez naiz data zalea, baina ziur Hawaiko Iron Man-aren eguna bizitza osoan gogoratuko dudala.
Mutil eta neska izen bana?
‘Tz’ duten guztiak gustatzen zaizkit, baina nire semeetako batek Alejandro izena eramango du. Izan ere, familiako ohitura da. Ni neu Aritz Imanol Alejandro naiz.
Zein egunkari irakurtzen duzu?
Paperean bat bera ere ez. Internetez ahal dudan guztiak.
Gustuko telebista saioa?
Erreportaje saioak atsegin ditut, Callejeros modukoak.
Bereziki gorroto duzuna?
Egia esan, telebistak orokorrean ez du ezertarako balio.
Pelikula bat?
Pelikula asko ditut gustuko, baina bat esatekotan Braveheart.
Liburu bat?
Los pilares de la tierra.
Abesti bat?
Mikel Laboaren Geure bazterrak.
Soinu bat?
Bat ere ez bereziki.
Usain bat?
Zapatila berriena.
Janari bat?
Pasta.
Ura ala…
Garagardoa. Gehien elikatzen duen edaria da.