Azkena ematen digutenetik ailegatzen denera… Ez legoke gaizki, atzeratu ordez, barkatu egingo baligute heriotza, edo bizitza. Zer diozu zuk, Melvin?
Atzeratzea agonia luzatzea da. Bezperatan jakin dugu prorroga eman digutela. Zertarako? Zu edo ni izango garen erabakitzeko. Partida irabazteko aukerarik ez badugu, soberan dago niretzat prorroga. Hilko gintuen sendagaia. Posible ote da? Hilko gintuen sendagaia. Hil eta sendatu. Poemak presoekin. Gutxi barru heriotzara eramango gintuen kimikoaren osagai bat bukatu omen zaio enpresa ekoizleari. Ezingo omen du epe luzean eskuratu. Bihar hil beharrean datorren astean hilko gaituzte. Astiro doa denbora hemen. Bitarte luzean gu azkenaren zain. Azkena hasten.
Konturatzen zara, Melvin? Zabaldu da mezua: korridorean bakarrarentzako dosia dago. Zu ala ni izango gara. Biotako batek oso gertu du azkena. Besteak urrutixeago. Gu hiltzeko droga hilgarria ekoizten dutenek ez omen dute heriotza zigorrarekin erlaziona ditzaten nahi. Hainbeste axola ote du horrek? Hiltzen duten sendagaiak ez dute haienak izaterik nahi. Ez gaituzte hilko, baina haien konpetentziak hil gaitzan utziko dute. Eta lehenago edo beranduago biok hilko gaituzte. Azkena eman ziguten eta atzerapenaz bada ere beteko dute. Biotako bat izango da, eta albistea bereziki irtengo da prentsan. Zu edo ni. Eta horretarako beste epaiketa bat izango dugu. Nik Melvin, uste dut ezin dezakedala berriz jasan: pertsona bat, demagun epailea, berriro nire heriotza-zigorra berresten. Zertan oinarrituko dira orain biotan aurrena aukeratzeko? Jokabide okerrena duena, abokatu garestienak defendatzen duena, zaharrena… Agian, noren heriotza-zigorra izan zen gogorragoa erabaki beharko dute. Heriotza-zigorren artean gogorrak eta oso gogorrak egon badaitezke! Berriro poesia presoekin.
Ez erantzun Melvin. Nire buruari galdezka ari nintzen. Hemen bakar-bakarrik gaude.
Hasieran idazten zidaten lagunek. Txandaka. Gero, tartean behin idazten zidan haietakoren batek. Urtearen errepasoa egiteko-edo. Haien abenturak kontatzen zizkidaten. Ez zidaten, ordea, galderarik egiten. Pentsatuko zuten nirea beti zela berdin. Eta nitaz erruki, nahiago izango zuten nire existentzia tristea hitzetan jartzera ez behartu. Patioan ere oso galdera gutxi egiten dizkiogu elkarri. Hitz hutsetan geratzen da dena hemen.
Bisitak urriak ziren hasieran. Oso epe laburrean bilakatu ziren ezerez. Ni betirako ekarri ninduten hona. Ingurukoek, maite nindutenek, badakite ez naizela bueltatuko. Prorroga odolusten uztea da. Hilabete batzuetako kondena. Melvin, pentsatu duzu inoiz ea zergatik ez diguten hemen barruan elkar hiltzen uzten? Akaso onena litzateke.
Hasieran, iritsi berritan, saiatzen zara zure burua aurkezten. Luzerako bidelagun izango dituzu, ezagutu nahi dituzu. Batez ere ezagutu zaitzaten da lortu nahi duzuna. Gutxira, behar beste ezagutzen dituzula iruditzen zaizu. Eta ez duzu gehiago ezagutu zaitzaten nahi. Denbora gehiena ziegan pasatzen duzu. Horrela beti eta betirako. Gure buruekin bakeak egin ditzagun izango da!
Egunean zehar ere hasieran dago indarra. Goizeko seietan pizten dira argiak, zazpietan txanden aldaketa dator. Eta hori da eguneko gertakizun bakarra. Egunero hasten da. Baina hemen, egunero hasten da bukatzen. Ulertzen didazu, Melvin? Inporta al du bada ulertzeak? Ez duzu erantzun beharrik. Zu ala ni. Ni prest nago. Agurtu ditut denak. Banan-banan agurtu ditut eskutitzez egindako lagun berriak. Bigarren bizitzakoak. Hona etorri aurretik nituenei komunikabideetatik egingo diet agur.
Bigarren bizitzako, edo heriotzako, lagunek, eskutitzetatik soilik ezagutzen nautenek orainaz bai, baina batez ere etorkizunaz hitz egiteko aukera ematen didate. Izan nahi nukeen etorkizunaz, niretzako nahi luketenaz, ume-umetan desira nuenaz. Lehenaz ere galdetzen didate eta eskertzen diet. Lehena nahi bezala eraiki dezaket. Edo gordintasunez deskribatu. Edo horretaz ez dudala hitz egin nahi esan eta isildu. Edo haienari buruz nik galdetu eta ondoren, erantzuna jasotzean, haien lehena irakurri. Eta haien ordez ni imajinatu kontatzen didaten haurtzaroan, nerabezaroan… Eta pentsatu nolakoa izango nintzatekeen ni haien lehena izango banu. Ariketa gogorra da, Melvin. Batzuetan lur jota uzten nau. Besteetan sentipenak bizitzen dizkit eta laguntzen dit horren hilda ez sentitzen.
Eta orain? Nola bete hemendik hilko nauten arteko egunak? Agurtu ditut eskutitz-lagun guztiak. Agortu ditut hemen bizirauteko nituen baliabide, estrategia eta lanabes denak. Zu ala ni hiltzeko deman ni hil nazaten desiratzen dut. Melvin, zer egin dezaket epaileak korridorean dagoen hiltzeko sendagai horrek ni hil behar nauela erabaki dezan?
Melvin, erailketa bategatik kondenatu ninduten. Hemen beste bat egiten badut, agian, berriz kondenatuko naute. Ez al duzu uste hemen bizi beharrekoak bizi izan dituzula? Agortu da denbora. Mesede bat egingo dizut. Melvin, Melvin, zergatik ez didazu erantzuten?
Amaia Artolazabal