Nahiz eta aspaldi jaso/lehiaketan albistea
alferkerian pasa dut/hilabete ta astea.
Gaurko egunean daukat/bertsotako aldartea,
eguraldia gainera/dugu erabat tristea.
Soilik gaia aukeratzen/nolako buruhaustea
doinu neurri eta errimak/hitzekiko bertutea.
Egin beharra dut bestela/bukatuko zait epea.
Baina askoz errazagoa/da telebista piztea.
EITB nola daukagun/gugandik horren gertuko,
izan nahi nuke Arralden/pasatzen denan lekuko.
Bikoteko maltzurkeri/denei ezin egin uko.
Dirua, arazo goren/xantaietan zenbat truko.
Leonor, Koldo, Andoni/Tximista, Naroa, Urko
Maria Luisa nahiz ta nuen/betitik oso gustuko.
Hau amaituta segidan/dut lana gogor hartuko.
Baina badakit ordea/ez dela inoiz bukatuko.
Gizon trajedunak orain / emana dio segida.
Munduan zer pasatu den /nahi luke berak deskriba
Afganistaneko gerran / beste hilotz batzuk, tira.
Petrolio isuria / ezin dute erretira.
Emakume bortxatu bat / joan gabe urrutira.
Burtsa egunero legez / gainbehera joaten ari da.
Hainbat gertakari gogor / aipatu ditu guztira.
Baina kontatu gabeak / askozaz gehiago dira.
Bosgarren katera salto / ta ze nolako sermoia
Pantoja gezurtera omen, / Guti egundoko ligoia
Letizia argalegia, / Campanario berekoia,
Belen Esteban daukate / saltsa denetan heroia.
Bi txepelkeri esanda / eskuan dauka milioia.
Nahiz eta jadanik jakin / buruz guztien gidoia.
Nahiz badakidan inortxok / ez duela arrazoia.
Behatzak ez du aurkitzen / amatatzeko botoia.
Anuntzioek aspertuta / salto seigarren katera.
Furgoneta beltz bat doa / eszenatoki barnera
bileteak ateratzen / dira txorien antzera,
telefono atzekoei / esan die gertaera.
Bost miloi pezetarekin / beteko die kartera,
eramango omen diete / atariraino gainera.
Batzuetan programa hau / ikusten dut triste antzera.
Zergatik joaten dira / beti besteen etxera?
Futbola degu albiste / ezin zitekeen bestela.
Mundialera joanda / kazetarien tropela.
Suitza daukate aurkari / ustez ekipo ustela.
Afizio nahiz taldeak / omen daukate nibela.
Podemos esaten dute / oihu eginaz horrela.
La roja beti le(he)nengo / hori da euren kiniela.
Egin dute plastikozko / kopa erraldoi itzela.
Ez da hasi ta ematen du / jada irabazi dutela.
Orain maitasun programa, / herrian zenbat entzute.
Gizon pijo gihartsu bat / adinez hogei bat urte,
neskei irri egin eta / hartu ditu lau apunte
“Norari” buruz atera / dira hamaika bertute;
Neska gaiztoa omen da / jendeak hori du uste,
platotik kanpo omen ditu / beste hiru-lau bat duke,
aulkian eseri dela / soilik diruaren truke.
Maitasun hitzak ez beste / guztia esaten dute.
Gurasoak etorri ta / hortxe betiko disputa.
Ingelesera joatea / ahantzi dut, ezin dut uka
Zigortuta astebete / hasi dira mehatxuka.
Nire ardura eskasak / oso kezkatua nauka.
Telebistako orduak / gaur ezin ditut ezkuta,
sofako denbora-pasa, / kontsola orduak batuta.
Oraindik paperarekin / ez hasi eta ez buka
Beste egun bat gehiago / alfer-alferrik galduta.
Maialen Akizu