Aztiker enpresak herritarrek Otamotz aldizkariari eta atari digitalari buruz duten iritzia jaso zuen udaberrian.
Zintzo Mintzo euskaltzale elkartea oso gustura dago jasotako emaitzekin bi komunikabideak herrian ezagunak eta estimatuak baitira. Orain, jasotako iradokizunak oinarri hartuta, aldizkaria eta ataria hobetzen ahaleginduko da. Eskerrik asko Aztikerrek egindako galderak erantzun zenituzten guztiei.
Urretxu eta Zumarragan 15 urtetik gorako 14.576 lagun bizi dira eta Aztikerrek 900 herritarren iritziak jaso zituen apirilaren 6tik 19ra. Otamotzen ezagutzari eta irakurtzeko ohiturari dagokionez, %80,8ak aldizkaria ezagutzen du eta %60,9ak inoiz irakurri edo gainbegiratu du. Azken hauen artean, %59,2ak azken alea irakurri du. %20ak ez du azken alea irakurri, baina bai azken hiruhilekoan argitaratuetako bat. %2,7ak, berriz, azken urtean ez du irakurri.
Ikerketa enpresak aldizkaria irakurtzen ematen duten denborari buruz ere galdetu zien inkestatuei. Otamotz aldizkaria irakurri ohi duten herritarren erdiak 20 minutu edo gutxiago ematen du horretan. Heren batek 21 eta 30 minutu bitartean ematen du eta %20ak ordu erdi baino gehiago.
Hala, 15 urtetik gorako herritar guztiak kontuan hartuta, erdiak ez du ezagutzen edo ez du inoiz irakurri, bostetik batek ez du azken alea irakurri eta %30ak azken hilabeteko Otamotz irakurri du. Kopuru absolutuen estrapolazioa eginez gero, 15 urtetik gorako 11.774 herritarrek aldizkaria ezagutzen dute, 7.158k inoiz irakurri edo gainbegiratu dute, 5.656k azken hiruhilabetekoan irakurri dute eta 4.227k azken alea irakurri dute. Hala, ale bakoitzak 4.200 irakurle baino gehiago ditu. Kontuan izan behar da tirada 1.500ekoa dela. Beraz, ale bakoitzeko hiru irakurle daude.
Aztikerrek beste ondorio batzuk ere atera ditu. Esate baterako, Otamotz ezagunagoa eta irakurriagoa da emakumezkoen artean gizonezkoen artean baino. Gainera, emakumezkoek denbora gehiago ematen dute aldizkaria irakurtzen.
Adin tarte guztietara ondo heltzen da. Dena den, ezagutu ez edo inoiz irakurri ez dutenak gazteen artean dira gutxien (%35,3) eta zaharren artean gehien. Oro har, irakurtzeko ohiturak behera egiten du adinean gora egin ahala. Ikasketa mailari dagokionez, alde nabarmenak daude: ikasketa mailan gora egin ahala gora egiten du ezagutzak eta irakurketak. Hizkuntza gaitasunaren arabera ere alde esanguratsuak ikusten dira: zenbat eta euskara gaitasun handiagoa, orduan eta gehiago dira irakurleak eta denbora luzeagoz irakurtzen dute. Baina aipagarria da aldizkaria ia talde guztietara heltzen dela: erdaldunen %40ak ezagutzen du.
Irakurleen iritziari dagokionez, aldizkaria inoiz irakurri duteneni 0 eta 10 bitarteko balorazioa eskatu zitzaien eta 7,7 da bataz besteko puntuazioa: oso ongi bat, beraz. %0,5ak eskas eman dio (3 edo 4 puntu), %1ek nahiko, %4,5ek ongi, %83,7k oso ongi eta %10,3ak bikain.
Zumarragarrei eta urretxuarrei Otamotz argitaratzeak ekartzen duena baloratzeko ere eskatu zitzaien eta aldizkaria inoiz irakurri edo gainbegiratu dutenen %99,3ak Urretxu eta Zumarragarentzat Otamotz izatea gauza oso ona edo ona da. %0,7ak ez dela ona eta ez txarra uste du eta bakar batek ere ez zuen erantzun txarra edo oso txarra denik.
Bestalde, irakurle gehienek (%74,5) inolako arazorik gabe ulertzen dute erabiltzen den euskara. %25,5ak ulertzeko zailtasuna adierazten du. Ildo editorialari buruz ere galdetu zen. Gehiengoak (%96,5) albisteen trataera objektiboa dela uste du. Hala, %93,8ak aldizkari plurala dela dio eta %6,2ak lerrotua dela. Ildo berean, %94,2ak udalei buruzko informazioa objektibotasunez jorratzen dela uste du. %5,8ak, berriz, udalen aldeko jarrera leporatzen dio Otamotzi. Inork ez du uste udalen aurkakoa denik.
Irakurleek euren gaiekiko interes maila zein den azaltzeko aukera ere izan zuten. Albisteek, pertsonaiek, gizarte gaiek, kulturak, aspaldiko kontuek eta euskararekin lotutakoek pizten dute arreta gehien. Interes gutxien pizten duen gaia, berriz, politika da. Atalei dagokienez, gustukoenak argazki bilduma, kale inkesta eta elkarrizketa luzeak dira. Iritzi artikuluak dira balorazio eskasena lortzen dutenak.
Krisi garaian egonik, ezin finantzaketa ahaztu. Garai gogorrak bizi ditugun arren, irakurleak aldizkariaren truke dirua ordaintzeko prest agertu dira. Urtean 30 euro ordaintzeko prest egongo liratekeen galdetu zitzaien eta %46,3 prest agertu da. %18,2ak ez luke kopuru hori ordainduko eta %33,3ak ez daki zer egingo lukeen. Bestalde, aldizkaria ezagutzen duten ia herritar guztiek (%97,8) erakunde publikoek aldizkaria diruz laguntzearen aldeko iritzia adierazi dute.
Azterketaren laburpena: