Azaroko lehen asteburuan Busca Isusiren oroimenezko buzkantza lehiaketa izango da.
Zumarragar hau gastronomo handia izan zen eta kale bat ere badu, baina ziur gazte askok ez dakitela nor den. Carmen Agirre alargunarekin izan gara bere senarra zenari buruz hitz egiten.
Jose Maria Busca Isusi 1916an jaio zen eta 1986an zendu zen. Trenbidearen eraikuntzan lan egitera etorri eta Ezkio-Itsasoko neska batekin ezkondu zen italiar baten biloba zen. Erreportaje honetako protagonistak Natur Zientziak eta Bromotologia ikasketak egin zituen. Jendeak ondo jatea nahi zuen eta bere liburuek, egunkarietako artikuluek eta irratsaioek arrakasta handia izan zuten etxekoandreen artean. Luis del Olmoren Protagonistas saioan kolaboratzen zuen eta Del Olmok Busca Isusi Argiñanoren aurrekoa izan zela idatzi zuen.
Gainera, Zumarragako buzkantza lehiaketaren sortzailea izan zen. Carmen Agirre bere alargunak gazteak zirenean Mordo eta Unanue tabernetako buzkantzek arrakasta itzela zutela oroitzen du. “Buscatarren etxean ere egiten ziren, Legution hazten zituzten ardien odolarekin. Nire senarrak buzkantza onenak Zumarragakoak zirela, eta Zumarragakoen artean bere etxekoak esaten zuen. Nik bere izebekin ikasi nuen egiten”, dio.
Hauen eta bere amaren eraginez maite zuen Busca Isusik gastronomia. “Bere ama eta izebak sukaldari oso onak ziren. Azken hauek sukaldari batek Batzokian ematen zituen eskoletara joaten ziren eta errezeten eta apunteen koadernoa gordeta dugu oraindik”. Dena den, argi utzi nahi du bere senarra ez zela sukaldaria. “Bere kezka jendeari zer jaten zuen eta zer komeni zitzaion jakinaraztea zen”.
Helburu horrekin hainbat liburu eta ehunka artikulu idatzi eta irratian aholkuak eskaini zituen. Etxera etxekoandreek idatzitako ehunka gutun heltzen ziren. Carmen Agirrek ere bere senarrak komunikabideetan ematen zituen aholkuak jarraitzen zituen. “Haurrei arrain urdina ematen nien. Kontuan izan behar da garai hartan ez zuela egungo ospe ona. Etxeko sukaldaria ni nintzen, baina oso ondo nekien berari eta bederatzi seme-alabei zer gustatzen zitzaien”.
Usoa Busca alabak etxera sartu zen lehen ekilore-olio botila zuzenean zakarrontzira joan zela eta edozein ozpin ere ez zitzaiola gustatzen oroitzen du. “Gustukoa ez zuenari buruz sukaldea garbitzeko bakarrik balio zuela esaten zuen. Orain denok erabiltzen ditugu oliba-olioa eta ozpin ona”.
Enpresa munduan ere aitzindaria izan zen. Martzillan produktu izoztuen enpresa ireki zuen: estatuko lehena. “Hemen ez zegoen ontziratzeko materialik eta bere anaia Frantziara joaten zen horren bila”, aipatu du Agirrek.
Busca Isusi ez zen bidaia zalea izan, baina mundu osoko argitalpenak lortzen zituen eta guztiak irakurtzen zituen. Teoria ikasi ondoren praktikara pasatzen zen. Frantziarren pausoak jarraituz, sagardoa destilatzea erabaki zuen. Eurek Calvados deitzen diote eta zumarragarrak Sagardos izena jarri zion. “Sagardogile batek kupeletan gelditzen zen sagardo hondarra gordetzen zion eta berak Donostiara irratian hitz egitera joaten zen bakoitzean jaso egiten zuen. Etxeko bainu-gela nola uzten zuen ikustekoa zen!”, dio bere alargunak. “Etxe guztian sekulako alkohol usaina izaten zen”, oroitzen du bere alabak.
Jenioa zen eta, gainontzeko jenio guztiei bezala, ez zitzaion batere gustatzen lanean ari zenean inork molestatzea. “Bere kasa ibiltzen zen, mesede bat eskatzen zioten bakoitzean baiezkoa ematen zuen. Sekula ez zuen sosik eskatu hitzaldien truke eta etxean mundu guztia hartu zuen. Gregorio Marañon etxean izan zen eta Jose Mari Gorrotxategi, Periko Txueka, Juanito Zelaia… lagunak zituen”, dio Usoa Buscak.
Bere amak azken honek eta Busca Isusik Municheko itun gaiztoan parte hartu zutela gogoratzen du. “Europar Mugimenduak deituta joan ziren eta itzuli zirenean izardun bandera egitea eskatu zidan”. Alabak bidaia haren ondoren atxilotu egin zutela eta goiz guztia Donostian izan zutela gehitu du. Bazkalordurako askatu zuten, noski.