Gaizka Alberdi zumarragarrak 28 urte ditu eta San Jose ikastetxean, Joxe Mari Iparragirre institutuan eta UGLEn egin zituen oinarrizko ikasketak.
Selektibitatea gainditu ondoren, Unibertsitatera joan beharrean Donostian sukaldaritza ikastea erabaki zuen. Etxeberrin, Astun eski estazioko jatetxe batean eta Buhame tabernan lan egin zuen Urretxuko pilotalekuko taberna hartu aurretik. Iazko ekainean Saski taberna ireki zuen Iñaki Gereñurekin batera. Azaroan Zumarragako lehen pintxo lehiaketa irabazi dute. ‘Ferrero Rocher’ kroketa Alberdik sortu du, buzkantza eta fruitu lehorrekin.
Zer izan nahi zenuen umetan?
Zabor-biltzailea. Gauero balkoira irteten nintzen poltsak kamioira nola botatzen zituzten ikustera.
Aisialdian zer egitea atsegin duzu?
Mendira joatea eta lagunekin egotea.
Bizitzeko toki bat?
Hemen gustura bizi naiz, baina Menorca toki zoragarria iruditu zitzaidan denboraldi bat pasatzeko.
Gustuko sukaldaria?
Aduriz tipo umila eta argia iruditzen zait.
Gustuko sukaldaritza?
Ekialdeko herrialdeetakoa gero eta deigarriagoa iruditzen zait.
Denetik jaten al duzu?
Gibela eta tripakiak ez ditut jaten. Gibelak behin kalte egin zidan eta ordutik kozinatu ere ezin dut egin. Tripakiak jaten dituen jendeak inbidia ematen dit, baina ez naiz jateko gai.
Sekula jan duzun gauzarik onena?
Baqueirara bidean entsalada bikaina jan genuen: bieira, mangoa eta urdaiazpiko iberikoa zituen.
Ilehoriak ala beltzaranak?
Beltzaranak.
Egindako azken oparia?
Ezkondu berri den koadrilako bikote bati Home Cinema erraldoia oparitu diogu.
Eta jasotakoa?
Poltsatik zintzilik daramadan tximino txiki bat.
Data bat?
2007ko San Joan eguna. Gertatu zenak nire bizitza goitik behera aldatuko zuela uste nuen.
Mutil eta neska izen bana?
Noa eta Anartz. ‘Tz’ dutenak gustatzen zaizkit.
Zein egunkari irakurtzen duzu?
Harrapatzen dudana. Normalean egunkari bat eta kiroletako bat irakurtzen saiatzen naiz. Tabernako Marca irakurri ondoren sukaldeko zorua lehortzeko erabiltzen dugu.
Gustuko telebista saioa?
Ez naiz telebista zalea.
Bereziki gorroto duzuna?
Telebista atsegin ez dudanez, ez dut saiorik gorroto.
Pelikula bat?
La vida de Brian.
Liburu bat?
Ohe ondoan erretzeari uzteko liburua dut.
Abesti bat?
Doctor Deseo taldearen Abrázame eta U2 taldearen One.
Soinu bat?
Isiltasunarena.
Usain bat?
Kanelarena. Lapikora bota aurretik usaindu egiten dut beti.
Janari bat?
Ez dut bat bereziki atsegin. Askotan konpainia garrantzitsuagoa da.
Ura ala…
Ardoa, garagardoa eta gin-tonic ona, bakoitza dagokion unean.