Zenbat momentu pasa ditugun
momentu eder ta bapo,
zuri eskerrak nere burura
heldu da ideia franko,
orain adio esan behar nik
kaltegarri zeralako,
agur rubia, agur bihotzez,
hau hori eta halako,
egia zen bai amodiorik
ez dela behin betirako.
Ez dakit dugun arrazoi edo
soilik dugun aitzakia,
esaten dute zu biriketan
maiz zaudela atxikia,
neri irripar egin zuk ta nik
alaitzen dut bekokia,
lantegia da galerazia
desegoki antzokia,
ba nik ordua jarriko dizut,
zeuk aukeratu tokia.
Propagandaren indarragatik
zabaldu duten izua,
izan liteke interesdunen
aholku edo mezua,
akabo gure amodioak
zuen indar ta pisua,
akabo nere zerua eta
zuk zendun paradisua,
bihotz-bihotzez emango dizut
nere azkenengo musua.
Andoni Egaña