Emaztea tematu egiten zen. Urteak joan eta urteak etorri, beti erretolika berdina: abuzturako apiril inguruan hasten zen eztabaida etxean.
“Aurten baietz” batak, “ikusiko dugu” besteak, batek “beste urtebete niri kapritxo hori eman gabe”; besteak “ematen dizkizudan gutizia guztiak ahaztu behar al dituzu?”. Pare bat egun bekozkoa belztuta. Ondoren bakea, eta emaztea tematu arren, ez zuten inoiz hegazkinik hartzen.
Ezin jakin oinarrian beldurra zegoen, baina gizonak aitzakia sorta polita zuen ezezkoaren alde: hainbat filmek, bere asmoari komeni zitzaizkionek, arrazoia ematen zioten; bertigoari ere egiten zion dei; filmeetatik at azken urteetan izan zituen albistegietan ere hegazkinik ez hartzeko argudioak… Halakorik, ordea, ez zuen ez imajinatu ez espero.
Halako batean, batak baietza ahoskatzean eta besteak baietza entzutean, aldatu ziren jarrerak. Ez zien axola izan apirila ez izatea eta ez zuten abuztura arte itxaron. Hasi ziren bai gizona eta batez ere emakumea hartu beharreko erabaki denak hartzen, lotu beharreko paperak lotzen, irakurri beharreko bidaia-gidak irakurtzen, egin beharreko maletak atontzen… Oporretara joateko beharra eta beharra egiten. Horretan ari zirela ere, eztabaidak sortu sortzen ziren, baina beste era batekoak ziren, berriak, trapu zaharrak aireratzekoak ez behintzat.
Datak jartzen direnean, egunak joan eta egunak etorri, iritsi egiten dira. Neguaren ateetan hartu zuten aireportura eramango zituen autobusa. Emaztea beldur zen. Senarrak hegazkinez bidaiatzeari baietz esan zionetik, erabiltzen zituen aitzakiak ahaztuta zituela ematen zuen. Emazteak gogoratuko ote zituen beldurra zuen. Horregatik, nahiz eta senitartekoek eta lagunek euren buruak eskaini bikotea aireportura eramateko, nahiago izan zuen autobusa hartzea, gizonak etxerako buelta aurreratzeko tentazio txikienik ere izan ez zezan.
Halako batean, urduritasuna senar-emazteekin esnatu da. Iritsi da eguna. Autobusean ibiltzea zer den badakite: eskolaume zirela egin zuten ibilaldiren bat; bizikletatik motorrera edota senargaiaren autora salto egin aurretik, hartu zuten urbanoren bat edo beste; helduagotan egin dute bodegaren batera-edo ibilaldia autobusez. Ez, ez da autobusa aztoratzen dituena. “Gure bizitzako lehenengo hegazkina!”. “Elkarrekin estreinatzen berriz!”.
Fakturatu, egunkaria erosi, komunetik buelta, poliziaren kontroletik pasa, duty-freean sartzean zer sentitzen den deskubritu, kuxkuxean ibili, pantailetan ontziratze-ateak begiratu… Zenbat lan oporretara joateko!
Emakumeak guztiaren ardura berak hartzen duela sentitu behar izan du. Gizonak utzi egin dio, ez du ez ezetzik esan ez eragozpenik jarri. Aspaldiko partez hegazkina hartzeari baietz esan zion hartan, hark ekarriko zuen soka osoari baietza eman izan balio bezala. Beraz, jadanik aireportuan gustura daude biak: zoroen pare batera eta bestera dabil bata, inguratzen duenak liluratuta, behiak trenari bezala begira-begira dago bestea.
Dena da zuria eta grisa, bi koloreen artean hainbeste ñabardura egon zitekeenik ere! Era guztietako maletak dabiltza batetik bestera. Aldeak daude koloreetan, tamainan, adinean, heldulekuetan, gurpiletan, kopuruan, gogortasunean, letretan, urratuetan… Mila aukera. Ezkondu zirenean oparitu zizkieten maleta dotoreak bi baino ez dira miloi batean. Halaber, senar-emazteak ere parea baino ez dira ehun bat pertsonaren artean.
Halako batean, liluratuta geldi-geldi zegoenak sumatu du geroz eta jende gehiago dagoela aireportuan, geroz eta azkarrago dabiltzala batetik bestera, geroz eta ozenago hitz egiten dutela eta hots handiagoa ateratzen dutela, geroz eta kopeta ilunagoak dituztela.
Halako batean, batetik bestera tramite guztiak egiten ziharduen emakumea hurbildu da gizonarengana: zuriari eta grisari beltza gailendu zaie. Eman dizkio hegazkinik hartu ezin izateko arrazoiak, serio. Gizonak imajinatu du emaztea azalpenari trapu-zaharrak gehitzen: “Gaur ez da hegazkinik aterako. Esaten nuela nik… zuk hegazkina hartzeari baietza horren erraz eman? Nolako lana hartu duzun zurearekin ateratzeko: kontroladoreak grebara eraman!”. Eta senarrak barre egin du. Algaraka hasi da. Negarrik ez egitearren.
Amaia Artolazabal