Aurkezpen motz batekin hobeto hasiko zarete arrazoiak ulertzen: 1) Érase una vez la vida marrazki bizidunen belaunaldikoa naizen aldetik, aurpegia jartzen diet birusei.
2) Atari zaharrenetik, makinita sofistikatuenera, hainbat tramankulu pasa dira nire eskuartetik, eta pelikulako akzioen subjektu sentitzen naiz. Ulertzekoa da, aitaponteko horiek izanda, inork kontrakorik esan ezean, aurpegidun bizitza-unitate txikiagoak dituen bideojokoa bezala imajinatzea nire ingurua, eta baita gorputza ere. Batez ere, onenean ez nagoelako-edo, nire gorpuztasuna bereziki presente dudanean. Orduan, pazientzia errezetatzen diot nire buruari.
Pazientzia, pazientzia ez da botikan saltzen. Eta saltzekotan, garesti erosiko litzateke. Halere, jakin badakit sendatzeko pazientzia bakarrik ez dela nahikoa. Sendabidean sartu nahi duenak bere onenean ez dagoela aitortu behar die bere buruari eta ingurukoei. Gero, komeni izaten da lagundu diezaiokeenarengana jotzea. Eta sendabidean jarraitzeko, borondate onenarekin eta adituarenganako konfiantzaz, gaixoak eta ingurukoek beren partetik ere jarri beharko dute. Erraza da esaten. Norbere onenean egonik, samurra izan daiteke sendatzeko hiru mandamendu horiei zin egitea; eta betetzea horren zaila ere ez. Baina, tamalez, sendabidean, gure onenean ez gaudenean sartu nahi izaten dugu; eta orduan kontuak.
Aurreko guztia zertarako eta gaur ospitalean izan naizela esateko. Definizioz beren onenean ez daudenak elkartzen diren lekuetako bat da. Beraz, pazientzia bila hobe bertara ez joatea. Trilogoa beteta joan naizen arren, zin egiten dizuet, eta aitortu, sendatzeko hiru mandamendu horiek bakarrik ez direla nahikoa. Ez diot ezer berririk, barreraren alde batean soilik nagoela eta barreraren alde horretatik jarri naizela begira aitortuta, zera esaten badizuet:
Bizi izan dudan bideojokoaren abenturako lehenengo eskenatokian, ordenagailuari begira egin zidala medikuak diagnostikoa, ez zidala monosilaboetatik haratagoko informaziorik ateratzen jakin. Ez naiz hitz askokoa, ezezagunekin batez ere, eta maiz-maiz aldatu didatenez medikuz… Jokoaren lehenengo mailakoak eginda, hilabete luzeak egon naizela espezialistarekin hitzordua izateko zain; hau da, bigarren eskenatokira pasatzea dezente kosta zaidala. Nirea ez zen larria eta tira! Behin bigarrenean, itxaron gelan, agian, jende gehiegi pilatu garela. Gero eta luzeago bizitzen garelako, makina aberiatu egiten delako eta horregatik guztiagatik. Eskerrak denok eserita geunden batera eta bestera ibili behar zuten ospitaleko langileei ez eragozteko. Izan ere, horretaz arduratzeko emakume bat zegoen itxarongelan zutik: jaikitzen dena esertzera zigortuta! Esan diezaiotela, bestela, belaunak gogortuta geratu den aitonari!
Egoeraz jabetuta, aitona aurreko kontsulta batetik ezagutzen duen erizaina harengana hurbildu dela. Biak paseoan ibili direla pasilloan; hankak pixka bat luzatzeko. Eta aitonak ahal duen era guztietara eman dizkiola eskerrak erizainari. Leku denetan daude pertsona zoragarriak! Pasilloan zebiltzan gainerakoak ere errukitu direla, gaixo baten alaba oihuka ari zitzaion erizaina ikusita: bere ama ez dagoela bakarrik; erizainaren lana dela emakumeari ohetik jaikitzen laguntzea; bera ahal duen guztietan etortzen zaiola amari bisitan… Batez ere emakumearen amak eman digu pena.
Esan nahi dut, barreraren alde batean edo bestean egon, denetik pilatzen dela ospitaletan: pertsonak, humanoagoak edo deshumanizatuagoak; baldintza hobeagoetan edo okerragoetan; beren onenean ez daudelako sendatzera datozenak eta besteak sendatzeko nahia, ardura edo betebeharra dutenak, nahiz eta eurak ere egunero beren onenean egongo ez diren.
Hori guztia aurrez banekielako, pazientzia razioa hartuta eta trilogoa beteta joan naiz ospitalera: nire partetik gutxienekoak konplituta. Eta bideojokoan aurrera, hirugarren eskenatokira iristea lortu dudanean, medikuak pazientzia behar dudala esan eta arkume begiekin begiratu didanean. Nik ulertuko ez dudala ziurtatuta, gauza onerako silaba gehiegidun hitz bat esan duenean. Ni isilarazteko. Hark espero ez bezala, galdetzen hasi, erretorikarako asmorik gabe gainera, eta sorbaldak igo eta jaitsiz erantzun didanean. Menopausian egoteko adinean ez nagoenez edo estresaren zantzurik ez dudanez… Gehiegi galdetzen dudala eta denetarako erantzunik ez izatea onartuta, entzun ere egin nahi ez duenean galdera horiei nola erantzuten dieten medikuntza tradizionala deitzen dugunak apartaturiko diziplinek… Orduan, ja, munstro bilakatu naiz.
Game over aurretik, nire gorputzari zer gertatzen zaion ulertu, nire mugen barruan jakina, eta aurpegidun bizitza-unitate txiki txarrak hiltzea bakarrik ez, bizitza-unitate txiki onak indartzen laguntzea nahi nuen. Besterik ez. Baina gaur ez da nire eguna izan, edozeinek dauka egun txar bat.
Amaia Artolazabal