Kanpotar batek zeharkatzean
gure herriko atea
iru(d)itzen zaigu bera dugula
gugandik diferentea
arrazista da denok egiten
ari garen gizartea
adoptatua izatea nahiz
den egundoko suertea
arrazista da denok egiten
ari garen gizartea
eta gehienek ez dute lortzen
bat gehiago izatea.
Errumaniatik etorri zen George
berekin ibiltzen nintzan
ostikoketan aritzen ginen
baloi zahar baten desditxan
(e)ta nola kristo bukatu ote du
gaur egun dabilen gisan
asko bezala hor ibiltzen da
droga anitzen gerizan
(e)ta nola kristo bukatu ote du
gaur egun dabilen gisan
ez baitu hazi eta hezteko
eredurik inoiz izan.
Pairatu zuen haurtzaroa da
jasan daitekeen txarrena
etxean gogor jipoitzen zuten
hura zen bere kondena
betirako du hark iltzatuta
jasan izan duen dena
desberdin dira bera bizi zen
eta bizi den sistema
betirako du hark iltzatuta
jasan izan duen dena
dugun inguru horrek egiten
gaituelako garena.
Errumanian oso zail zuen
bizi moduari eusten
(e)ta hemen dena eman zioten
asko genituen puzten
baina alferrik genbiltzan hari
nahi hainbeste gauza uzten
ama(re)n kartera eta tabako
makina batera husten
baina alferrik genbiltzan hari
nahi hainbeste gauza uzten
zigarroaren keaz bestalde
ez bada ezer ikusten
Georgek odola zauriak eta
mina izan ditu kabi
maitasunikan ezin eskatu
bat e(re) jaso ez du(e)nari
asko ikasi (e)ta aldatzeko
daukagu gure Euskadi
nahiz eta denok pena aurpegiz
begiratu Afrikari
asko ikasi (e)ta aldatzeko
daukagu gure Euskadi
eta jendea barrutik hiltzen
ez ote gara ba ari
Ekintza batek beste bat dakar
bizitzako lasterketan
eta guztia oker daiteke
korrika, arineketan
Georgek guraso adoptiboak
sutu zituen benetan
bai gurasoak bai kanutoek
denek segi zuten ketan
Georgek guraso adoptiboak
sutu zituen benetan
orain leku bat gutxi(a)go dago
jantoki publikoetan
Eta neguko hotzak milioika
eskale eramatean
guztiak berdin jarraituko du
negua pasa ostean
etorkizunik ez du munduak
hala segi bitartean
garrantzizkoak ditugun gauzak
utzi ohi dira bakean
etorkizunik ez du munduak
hala segi bitartean
aurrerakuntza deitzen diogun
atzerakuntza batean
Nahiz eta kale gorrian egon
Europa erdi inguru
oraindik ere gure besoak
gurutzatuta ditugu
nahiz bat gehiago izatea zen
mutil honetxen helburu
kaleko zoru hotzean dago(e)n
beste bizitza bat dugu
nahiz eta aske izatea zen
mutil honetxen helburu
mila izarreko hotel bateko
esklaboa bihurtu du
Mikel Iturriotz