Gorka Zufiaurreri beti gustatu izan zaio antzerki mundua eta bere ametsa aktore izatea zen.
Down sindromea izatea eragozpena zela zirudien, baina ingurukoen laguntzaz bideari ekin zion: laburmetraia batzuetan parte hartu zuen, Karmakros antzerki taldean izena eman zuen, lagunak egin zituen, taula gainean sortzen den zirrara ezagutu zuen, txaloak jasotzera ohitu zen… eta otsailaren 12 eta 13an Donostiako Antzoki Zaharra mitikoan lan egingo du Jose Ramon Soroiz eta Pilar Rodriguez handiekin. Denok lor ditzakegu gure ametsak bertuteei zuku atera eta mugei beldurra galtzen badiegu.
Gorka Zufiaurre Etzi antzezlana antzezten ari da Jose Ramon Soroiz, Pilar Rodriguez, Asier Oruesagasti eta Asier Zinkunegirekin. Down sindromea duen gazte bati eta bere familiari buruzko lan hau Karlos Linazasororen ipuin batean oinarrituta dago. Asier eta Iker Zinkunegi anaia legorretarren Dar-Dar konpainiak eraman du antzerkira. Talde hau duela 10 urte sortu zen eta hasieran haurrentzako lanak eskaini zituen. 2007an helduentzako antzerki soziala ere jorratzea erabaki zuten.
Joxan Ormazabal zenak Linazasororen liburua irakurtzea aholkatu zien eta “hunkitu” egin zituen. “Poesiaz betetako ipuina da”, azaldu zuen Asier Zinkunegik. Iaz antzerkira eramatea erabaki zuten. Linazasoro bera, Asier Zinkunegi eta Teresa Calo arduratu ziren moldaketaz. “Argi genuen ez genuela jatorrizko lanetik asko urrundu nahi”.
Aktoreen zerrenda erraz samar osatu zuten, eurentzat lehentasuna zutenek berehala baietz esan baitzieten. Gorkarengana Jose Ramon Soroizen bitartez jo zuten. “Jose Ramonek berehala Urretxuko fenomeno bat ezagutzen zuela esan zidan. Berak egindako laburmetraiak ikusi genituen, Jon Anduezarengana jo genuen eta azkenean Gorkari deitu genion. Berehala konturatu ginen bera zela behar genuena. Guretzat oso garrantzitsua izan da halako fenomenoa ezagutzea, bere pertsonaiak interpretazio lan handia eskatzen baitu. Mirari bat izan da”.
Gorkak ikusleak hunkitu ditu. “Antzezlana Tolosan estreinatu genuen eta handik egun batzuetara bertako emakume batek deitu zigun: 28 urteko Down sindromedun semea duela eta antzezlanean bere bizitzako pasarte asko ikusi zituela esan zigun. Halako laudorio batek gure lanari zentzua ematen dio”.
Izan ere, Dar-Dar konpainiakoen helburua jendeak Down sindromea duen gazteen eta euren familien bizitza ezagutzea da. “Duela gutxira arte baztertuta bizi izan dira eta oraindik ere badago zer egin. Horretan laguntzen badugu, ederki, guztiok merezi baititugu aukerak”. Zinkunegitarrek Gorka Zufiaurreri berea eman zioten eta honek bikain aprobetxatu du. “Denok ditugu ametsak eta Gorkak bete daitezkeela erakutsi du: aktore izan nahi zuen eta orain Euskal Herriko aktore onenekin lan egiten ari da. Nire ustez gazteek hori ikustea komeni da. Gainera, oso langilea eta diziplinatua da”.
Asier Zinkunegirekin Donostiara bidean hitz egin genuen, han Jose Ramon Soroizekin hitzordua baikenuen. Gorka Zufiaurre ere autoan zihoan, atzean eserita, bere zuzendariaren laudorioak entzuten. Isil-isilik egon zen elkarrizketa entzuten, eskerrak emateko ordua iritsi zela iruditu zitzaion arte. “Oso gustura ari naiz lan egiten. Beraien eskutik asko ari naiz ikasten. Ilusio handia dut eta baita jarraitzeko gogoa ere. Bestalde, lan hau Urretxu eta Zumarragan antzeztea asko gustatuko litzaidake”.
Kursaal pareko kafetegi batean Soroiz genuen zain. Gorka eta bera lagun zaharrak dira eta lagun zaharren moduan agurtu zuten elkar. “Gogoratzen al duzu El mundo de Jon grabatu genuenekoa? Oker ez banaiz 1993an izan zen. Orduko hartan zure aitaren papera egin nuen eta oraingoan zure aitonarena: oso ondo pasatu genuen eta oraingoan ere bai”, esan zuen Soroizek.
Legorretako aktoreak Gorkaren lan egiteko modua gustukoa du. “Ezagutu nuen garaian testuak oso ondo ikasita eramaten zituen errodajera eta oraingoan ere primeran ikasi ditu. Beste aktoreok bezala lan egiten du eta taula gainean hazi egiten da. Plaza-gizona da. Batzuetan berataz gogoratu eta Gorka non da? Galdetzen genuen: txoko batean egoten zen, isil-isilik, testua errepasatzen”. Zinkunegik berarekin bat egin zuen. “Aktorea da. Jendeak berarekin harreta berezia izan al dugun galdetu dit. Inondik inola ere ez. Autonomoa da. Aktorea da eta badaki noiz tokatzen zaion taulara irtetea, zer arropa jarri behar duen eta zer egin behar duen. Zuzendari bezala berarengan konfidantza osoa dut. Bera ezagutu aurretik beldur apur bat nuen, baina entseatzen hasi bezain pronto konturatu nintzen ez nuela horretarako inongo arrazoirik. Azkeneko entseguetan makal samar ikusi nuela eta aurrestreinu egunean gora etorri zela oroitzen dut. Alu hau azken egun hauetan indarra gordetzen aritu da!, pentsatu nuen. Guretzat esperientzia aberasgarria izan da eta berarentzat ere hala izatea espero dugu”, azaldu zuen legorretarrak.
Asier Zinkunegik anaiak eta berak Gorkaren pertsonaia egiteko Down sindromea ez duen aktore bat hartzea pentsatu zutela aitortu zuen. “Gure ekoiztetxeak, eta antzezlanak berak, helburu sozial jakin batzuk dituzte eta berehala konturatu ginen Euskal Herrian Down sindromea duen aktore bat egonez gero hark egin behar zuela lan hau. Liburuan Gorkaren pertsonaia aipatu besterik ez da egiten, baina guk antzezlanean agertzea nahi genuen”, argitu zuen.
Baita agertu ere! Urretxuko aktoreak lan bikaina egiten du eta beteranoak ahozabalik uztea lortu du. “Ea aholkurik eman diogun? Ahozabalik utzi gaitu eta! Oso diziplinatua da eta etxean berarekin lan handia egin dutela ikusten da”, esan zuen Soroizek. “Argi eta garbi ikusten da oso ondo ikasi duela bizitza gogorra dela eta gogor lan egin behar dela”, gehitu zuen Zinkunegik. “Entseguetara goizean lan egin ondoren etortzen zen, e? Arratsaldean beste lau ordu ematen zituen lanean, gurekin. Errepikatu eta errepikatu”, azaldu zuen Legorretako aktore beteranoak.
Legorretako aktorearen ustez aukera gehiago eman beharko litzaieke Down sindromea dutenei. “Nire ustez Gorkari mesede egiten dio antzerki munduan aritzeak eta besteek ere halako ekimenetan parte hartu beharko lukete. Gorkak berak Down sindromea dutenek antzezlana ikustea nahi duela esan zidan, zertarako gai diren jabetu daitezen”. Down sindromea dutenentzat bakarrik ez, guztiontzat da eredugarri Gorka. Guztiok baititugu ametsak.