1)
Baserriko atarian,
iluntzeko hamarrak
direla gogorarazi
dit ordulari zaharrak.
Iluntasuna argitzen
ari diren izarrak
aspaldi bihurtu dira
nire lagun bakarrak.
Ez ahaztea dakarrenez
gogoratu beharrak
nirekin behintzat lan zaila
du memoria txarrak,
oroitu nahia berpizten
baitit euri langarrak…
2)
Hamabi ginen etxean
eta lege zaharrean
oilarrak kantatzerako
hasten ginen larrean,
ukuiluan zein baratzan,
norbere beharrean,
zoriontsu izan nahian
gure zoritxarrean.
Egunsentia amaitzen
zen ilunabarrean,
baina, antzeman zitekeen
denon irribarrean
sendi batu bat ginela
beharraren aurrean.
3)
Gerra hain da traidorea,
gerra hain da isila,
ohartzerako etxean
sartu zela Zibila.
Aitak eta bost anaiek
eskuetan fusila
zutela alde egin zuten,
diotenez Madrila…
Urtebete eskasean,
hau da hau iskanbila,
famili oso bat zena
zegoen erdi hila!
Geroztik alferrik nabil
euren gorpuen bila.
4)
Nonbait gerrak bakean ez
gintuenez utzi nahi,
Bigarren Mundu Gerrako
gatazka geneukan zain…
Mugan bizitzerakoan
ez ginen bizi lasai,
hainbat lagun pasa baitzen
eta hamaika etsai.
Eta sentitzen nintzenez
zerbait egiteko gai,
Comète sareko partaide
egin nintzen, nolanahi
ere, garbi zeren alde,
zeren kontra ere bai.
5)
Garrantzitsuak zirenez
nire eginkizunak,
gau ilunen zain joaten
zitzaizkidan egunak.
Mendia menderatzeak,
bide ezezagunak
ezagutzeak, zekartzan
noski erraztasunak.
Nahiz taldeko gizon askok
baneuzkan gaitasunak
dudan jarri, demostratu
zien nire jardunak,
bertan tokia zuela
emakumetasunak.
6)
Frantziarren, ingelesen
eta amerikarren
mugalaria bihurtu
nintzen hurrenez hurren.
Hegazkinetik jaustean,
ahalik eta azkarren,
mugaz pasatzen nituen
salbu egotearren.
Hainbat gidatu nituen,
nahiz denborak bakarren
baten izen-abizenak
ahaztea ohi dakarren…
George, ordea, ez dut ahazten
ahaztu nahi nukeen arren…
7)
Bi egun ezkutaturik
pasa eta kobara
hurreratu nintzen, oso
garbi neukan zertara.
Georgek ederki ulertu
zuenez begirada,
sentipenak gurekin bat
heldu ziren mugara.
Elkarri begiratzean
begi ninietara
maitemindu egin nintzen
txoro baten gisara,
muxu txiki baten bidez
maitemintzerik bada.
8)
Ama hil zen eta ahizpak
hemendik urrutira
joan zirenez, laguntzat
dut izarren distira.
Gerrek ostu zizkidaten,
hasi eta gutxira,
familia, maitasuna
eta hainbat desira.
Mugalaria izatez
beti mugan bizi da,
bakardadearen lagun,
mugaldera begira.
Behintzat oroitzapen denak
nirekin bizi dira…
Aitor Albistur