«REGLAMENTUZKO BALOIA». Horixe zen, maiuskulekin, gure garaian mutiko bati Lehen Jaunartzean egin ziezaioketen oparirik onena.
Izan ere, objektuaz harago botere zerutiar moduko bat ematen zion baloiaren jabeari opari horrek: bere taldean jokalaririk onenak izateko aukera, partidaren luzapena bere nahiera luzatzeko ahalmena eta jokaldi polemiko guztiak bere aldekoak izatea, Ikastolako Curtis harri koskor haiekin jokatu beharraren mehatxupean.
Gaude, denbora gehiegi daramagula gurea ez den baloi batekin jokatzen, hori jokatzen uzten digutenean. Urrutiko kontuekin aritu beharrarekin herrian bertan aurkitu dugu horren adibide garbi bat, Antio eta bere jatetxearena alegia. Askoren ustetan garaipenaren gola jokoz kanpo garbian sartutakoa izan da, baina garai bateko moviolaren aukera baino ez digute eskaintzen. Hau da, partida amaitutakoan epaileak arrazoi ote zuen tabernan eztabaidatzearena. Izan ere, egun gutxitan “Antioko interpretazio zentroaren interpretazio zentroa” —terminoa otamotz.euseko erabiltzaile bati lapurtu diogu— irekiko omen dute eta etxeetan 4.000 triptiko banatu, hori bai, partidako emaitzak ihes egingo ez diela ondo ziurtatu ostean. Ez al zen logikoagoa hori guztia erabakiak hartu aurretik egitea, hala, marrazaina zuzen bazegoen hainbat hika-mika eta esandako txorrada asko —gureak lehenak— aurreztuz? “Baina baloia nirea da”.
Zorionez, gurea bezalako harrizko zelaietan belardietan jokatzeko egindako baloiak gastatu egiten dira eta aldatu beharra izaten da. Edo bestela beti dago unerik txarrenean pasatzen den kamioiren bat —gure herrietan gainera kutsaduraren arduradun nagusiak dira—. Eta halakorik ezean jende askok iltzeak zorroztera eraman dituela esan digu txoritxo batek.
Jon Torner
Jon Ormazabal
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide