Alex Albisua zumarragarrak 39 urte ditu. Ikastolan ikasi zuen eta ondoren lizeora joan zen. Legazpiko institutuan bukatu zituen ikasketak.
Ordutik gurasoek irekitako Alex Kirolak dendan lan egin du. Gustuko lana du. “Ez da lan txarra. Gainontzeko guztiek bezala, alde onak eta txarrak ditu. Ordutegi aldetik lotua da eta tailer batean lan egiteak baino buruhauste handiagoak ematen ditu. Bestalde, opor egun gutxiago ditugu. Dena den, pozik nago. Lokala azkenekoz berritu genuenetik lan eremua lehen baino erosoagoa da”.
Zer izan nahi zenuen umetan?
Medikua. Osaba medikua nuelako batik bat.
Aisialdian zer egitea atsegin duzu?
Korrika egitea eta mendira joatea.
Bizitzeko toki bat?
Zumarraga da ezagutzen dudana. Ametsetan hasiz gero edonora joango nintzateke, baina hemen ondo nago.
Gustuko kirola?
Kirol ia guztiak gustatzen zaizkit: palan aritua naiz; eskiatzen ere bai; Urolan jokatu nuen; saskibaloia, tenisa eta txirrindularitza ikustea gustatzen zait…
Gustuko kirolaria?
Felix Iñurrategi estima handian nuen. Pena handia hartu nuen.
Kirol arropa kontuan berezia al zara?
Ez, baina azkenaldian arropa gehiago hartzen dut dendatik. Dena den, ez dut kirol arropa bakarrik erabiltzen.
Asko aldatu al dira erosleak?
Praka kontuan aldaketa nabarmena nabari dut: lehen algodoizkoak erabiltzen ziren eta orain mendikoak.
Ilehoriak ala beltzaranak?
Beltzaranak.
Egindako azken oparia?
Erregetakoak.
Eta jasotakoa?
Argazki kamera bat.
Data bat?
Santa Isabel eguna.
Mutil eta neska izen bana?
Ez daude bereziki gustatzen zaizkidan bi.
Zein egunkari irakurtzen duzu?
Berria.
Gustuko telebista saioa?
Pelikulak. Ez dut bereziki gustatzen zaidan telebista saiorik eta katez aldatzen aritzen naiz. Egia esan, telebistan ez dago merezi duen gauza asko.
Bereziki gorroto duzuna?
Intereconomía kateko tertuliak, adibidez. Tertulia batzuk jasangaitzak dira.
Pelikula bat?
Blade runner, El silencio de los corderos eta El nombre de la rosa.
Liburu bat?
Oso gutxi irakurtzen dut.
Abesti bat?
Ez dut bereziki gustatzen zaidan abestirik. Buruan dudan azkena Mercedes Sosaren Gracias a la vida da.
Soinu bat?
Haizearena.
Usain bat?
Ogi egin berriarena.
Janari bat?
Denetik jaten dut. Ez dago bereziki gustatzen zaidan janaririk: haragia, arraina, ondo egindako makailoa, berdura…
Ura ala…
Ura eta noizbehinka sagardoa.