Udaberria sekula baino lehenago loratu zaigun honetan, loreez harago lozorroan zegoen fauna berezi batek hibernatzeari utzi eta gure kaleak hartu ditu.
Demokrazia bi edo lau urtean behin pasatu beharreko ITV-a bailitzan, aurpegian irribarrea margotu eta ezohiko lekuetan topatuko dituzu azken inozoak harrapatu nahian.
Benetan, eskertzen dizuegu ahalegina, baina kanpainarako bitaminak hartzen hasi aurretik esan nahi dizuegu, gugatik behintzat, ez egiteko ahaleginik. Gorde photoshop teknikarietan, piruleta eta pegatinetan, kalean inork begiratzen ez dituen karteletan edo alferrikako parafernalia guzti horretarako gorde duzuen diru hori guztia eta eman benetako erabilera bat.
Kalean umeak musukatzearekin inor konbentzitu al duzue inoiz? Edota egunkariko hamar argazkitan aurpegi behartu berarekin agertzearekin? Bide batez, inork zenbatu al ditu UTB-n, —errespetuagatik U horri lagunartean eman diogun adiera ez dugu hemen azalduko— gure alkateak azkenaldian bete dituen minutuak?
Armairutik atera berrien agerpen espontaneoak, sekula agurtu ez gaituen horren keinu abegikorrak edota facebook-eko gonbidapenek, gu bezalako kakanahasleek espazio hau bete dezagun baino balio ez dutelakoan gaude. Hautua egina dugu, gure kandidatuak egunero aldamenean ditugun horiek dira. Prentsaurrekoak eman beharrean Urola, Goierri edo Gaintxun jokalari edo delegatu diren horiek, podiumean sariak eman baino errepideko bidegurutzeak zaintzen dituztenak, eraikinei dantza egin edo soinua jotzen diotenak, kontzertuak azpikontratatu beharrean Ku-ko oholtzara igotzen direnak, egunero irrati bat airera ateratzen dutenak, Zumarragan bizi direnak… Lasai irakurle, gu bezalako demagogoei ere gero eta gutxiago geratzen zaigu.
Jon Torner
Jon Ormazabal