Urretxuarren eta zumarragarren artean zabalduen dagoen zaletasuna, bizio gaiztoak aparte, mendizaletasuna da ziurrenik (bizikletero berri eta ugarien baimenarekin).
Mendian ibilbide ezezagunei ekiteko modu ona GPSa da: ibilbidea ordenagailuan presta dezakegu, edota saretik jaitsi (wikiloc.com, mendiak.net…) eta GPS gailura sartu, mendian gida gaitzan. Gure ontto-leku kuttunak gorde ditzakegu, behin eta berriro bortizki ustiatzera itzultzeko; altxor bat gorde dezakegu, geocaching komunitatearekin partekatzeko edota mendi ibilaldi bat grabatu dezakegu gero etxean aztertu ahal izateko (denborak, mailakatzea, distantziak…). Galtzen garenerako ezinbesteko laguna da, baina teknologiak huts egin dezakeela gogoratu behar dugu eta ez dator gaizki motxilan iparrorratz bat izatea. GPS gailu batzuk gomendatuko ditugu: kalitatea eta prezioa kontuan hartuta onena Garmin Legend HCX (166 euro) gailuak ematen du; diru gehiago badugu Garmin Oregon 450 (300 euro) dugu; eta gailu osoena, Compegpsen Twonav Aventura (600 euro). Jakintza zabaltzeko sareko atari bat: elgps.com.
Alex Areizaga
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide