Miriam Luki urretxuarrak 37 urte ditu. Ikastolan ikasi zuen eta ondoren lizeora joan zen. EHUren Leioako kanpusean Kazetaritza ikasi zuen. “Oso argi nuen zer egin nahi nuen”, dio.
Goierriko Hitzan lan egiten du egunkaria sortu zenetik, 2004ko irailetik. Lehen Urretxu eta Legazpiko informazioaz arduratzen zen eta egun Zumarragakoaz. Maiatza gogorra izango da, udal hauteskundeak direla eta, baina animotsu ageri da. “Oso gustura nago. Herrian bertan lan egitea, lanera oinez joan ahal izatea, oparia da”.
Zer izan nahi zenuen umetan?
Zer izan nahi nuen argi izan nuenerako gaztetxoa nintzen. Kazetaria izan nahi nuen, jende asko ezagutzeko eta asko ikasteko aukera izango nuela iruditzen baizitzaidan.
Aisialdian zer egitea atsegin duzu?
Irakurtzea, mendira joatea, haizea hartzea eta bidaiatzea.
Bizitzeko toki bat?
Hemendik hurbil, berdin zait non. Urrun bizitzea zer den badakit eta ez dut hegazkinik hartu nahi gertukoekin egoteko.
Idazle bat?
Julio Cortazar.
Nori egingo zenioke elkarrizketa gustura?
Jose Luis Sampedrori.
Gehien txunditu zaituen urretxuar edo zumarragarra?
Urretxu, Zumarraga eta Legazpin lan egin dudan urteetan benetako altxorrak aurkitu ditut. Beraiek ezagutzea da lan honek eskaini didan gauzarik onena.
Zein albiste ematea gustatuko litzaizuke?
Urretxu eta Zumarragako udalen arteko elkarlana ia perfektua dela.
Zein albiste irakurtzea gustatuko litzaizuke?
Mundua irauli dugula.
Bereziki gogoratzen duzun lan eguna?
2006ko abenduko Urretxuko udalbatza lazgarria.
Ilehoriak ala beltzaranak?
Beltzaranak.
Egindako azken oparia?
Arropa, lagun bati.
Eta jasotakoa?
Neoprenozko trajea eta olatuak.
Data bat?
Nire semea jaio zen eguna.
Mutil eta neska izen bana?
Mutil izena, Luka. Semearena. Sekula ez dut neska izen bat hautatu beharra izan.
Zein egunkari irakurtzen duzu?
Nire eskuetara heltzen diren guztiak irakurtzen ditut.
Gustuko telebista saioa?
Gutxi ikusten dut.
Bereziki gorroto duzuna?
Gorroto bat ere ez, baina gehienak soberan ditut.
Pelikula bat?
Historias de Filadelfia.
Liburu bat?
Rayuela.
Abesti bat?
El Cigalaren Alfonsina y el mar.
Soinu bat?
Itsasoarena.
Usain bat?
Kanelarena eta sagarrarena, konpota egiten ari garenean.
Janari bat?
Iburretako pintxo bat asteburu eguerdian.
Ura ala…
Ur zalea naiz, baina ardoa ere asko gustatzen zait.