Marian Larrañaga zumarragarrak Nazionaletan, Medranotarrekin eta institutuan egin zituen oinarrizko ikasketak. Ondoren Donostiara joan zen ile-apainketa ikastera.
“Umetatik oso argi nuen ile-apaintzaile izan nahi nuela. Ikastea ez zitzaidan gustatzen eta gainera ez dut uste behar bezala motibatu nindutenik”. Duela 35 hasi zen lanean Donostiako Mike ile-apaindegian. Herrira itzuli zenean Maria Pilar Comontesekin lan egin zuen eta duela 19 urte Bits ile-apaindegia ireki zuen Ana Muñozekin.
Zer izan nahi zenuen umetan?
Ile-apaintzailea.
Aisialdian zer egitea atsegin duzu?
Paseatzea eta lagunekin egotea. Bestalde Pilates egiten dut eta saunara joatea asko gustatzen zait.
Bizitzeko toki bat?
Zumarraga. Bestela kostaldeko herri txikiren bat.
Orrazkera polita duen pertsonaia ezagun bat?
Denak berdin joaten direla iruditzen zait. Victoria Beckhamek orrazkera oso politak eraman izan ditu, baina petarda hutsa da.
Nor orraztuko zenuke gustura?
Ane Igartebururi gustura asko sartuko nizkioke guraizeak… Urte asko daramatza orrazkera berberarekin.
Zertaz hitz egiten da zuen ile-apaindegian?
Gauza zehatzez eta politikaz ez hitz egiten saiatzen gara. Ile-apaindegietan txutxu-mutxuka aritzen garela topiko hutsa da.
Urretxuar eta zumarragarrak ondo orrazten al gara?
Bai. Jendeak garrantzia ematen dio eta profesional onak daude.
Gustuko ile-apaintzaileak?
Tony&Gay ingelesak eta Vidal Sassoon.
Zer pentsatzen duzu burusoil bat ikusten duzunean?
Norbaitek ilea berreskuratzeko modua aurkituko balu aberastu egingo litzatekeela.
Ilehoriak ala beltzaranak?
Beltzaranak.
Egindako azken oparia?
Liburu bat.
Eta jasotakoa?
Senarrak mendian hartutako lore sorta.
Data bat?
Alaben jaiotze egunak.
Mutil eta neska izen bana?
Alabenak, Jone eta Josune, eta Markel.
Zein egunkari irakurtzen duzu?
Irakurri bat bera ere ez. Gainetik irakurri El Diario Vasco.
Gustuko telebista saioa?
Saio gutxi ikusten ditut osorik. Los quién moduko denborapasa telesailak bakarrik.
Bereziki gorroto duzuna?
Reality show-ak.
Pelikula bat?
El nombre de la rosa.
Liburu bat?
Paulo Coelhoren edozein.
Abesti bat?
REM taldea asko gustatzen zait.
Soinu bat?
Itsasoko olatuena.
Usain bat?
Belar moztu berriarena.
Janari bat?
Denetik jaten dut.
Ura ala…
Ardoa.