Onartu beharra daukagu gure ibilbide akademikoak oso gutxi izan zuela amankomunean izenbururako erabili dugun Ermuako Rock taldearen izenarekin.
Hala da bai, «pakete integralak» ginen ariketa aritmetikoak egiten eta uste dugu, orain ere, hala izaten jarraitzen dugula. Horregatik izango da ez dugula ondo asimilatu pasa den maiatzaren 22ko emaitza elektorala. Eta hori, Urretxun, zurrumurruek kontrakoa zioten arren, «Tirikitauki, 4+2+1 dira 7» egin ez duten, «Hamabigarrenean aidanez» osatzeko. Baina zumarragarrak gara, eta kosta egiten zaigu Gipuzkoaren marko orokorrean gure herria espainolismoaren irla bat dela asimilatzea, Euskal Herria hiribidetik (hau paradoxa) pasatzen garen bakoitzean balkoi bateko era guztietako banderek gogorazten diguten bezala. Mina are eta handiagoa da, gure kalkuluak oker ez badaude behintzat, berriz ere gogoratzen dizuegu matematikak ez direla gurea, zenbakiak aldaketaren aldekoak direla ikustean. Boto portzentajeak batuta 24,71 (Bildu) + 19,41 (EAJ) + 4,89 (Aralar) = %49,01 emango luke boto, nolabait deitzearen, «abertzaleak», %45,45 nazionalista espainolisten aurka. Honi, orain arte udaletxean eramandako ereduaren aurka azaldu den Ezker Batuaren %3,11 batuko bagenio, %52,12ra igoko litzateke aire berrien aldeko indarra. Tamalez, Zumarraga izango da Ajuria Eneako paktu antinaturalari jarraipena emango dion udal bakarrenetako bat. Hiruzpalau bozka bakarrik falta izan omen ziren, edo 261 sobratu, zilegitasun eta eskubide osoz emandako bozka horiekin besteetan erabili izan den «bozka erabilgarriaren teoriak» funtzionatu izan balu. Bere txarrean, gai garela ikusi dugu eta makinek eta obrek uzten badigute behintzat, uztailaren 2an, paseillo ofizialaren orduan, gure «momentikoa» izango dugu.
Jon Torner
Jon Ormazabal