Goierriko Hitza auzia medio, Otamotz uztailean ere publikatuko da aurten. Erredakzio-buruaren mezuak (mehatxuak) jokoz kanpo harrapatu gaitu.
Uste genuen uda pasatu arte (gutxienez) ez genuela beste ezer idatzi beharrik izango. Usteak erdia ustel. Halakoxea omen bizitza. Tira, kontua da, hoberik ezean, Otamotz.com-era jo dugula herriotan pil-pilean dauden kontuen bila. Gauza bitxia topatu dugu. Erantzun gehien izan dituen albistea hauxe da: “Markel Beltza zumarragarra mundu mailako eskubaloi txapelketan”.
Eta erantzun gehien izan ditu ez Markelek txapelketa hori jokatzeak irakurleengan sekulako zalaparta sortu duelako, artikuluan bertan eta erantzunetako batzuetan egindako akats ortografiko-gramatikalengatik baizik. Betiko leloaren betiko leloa.
Hainbeste filologo bizi den gurea bezalako herri batean, nahikoa da “urrechu” gaizki idaztea (minuskulaz, esan nahi dugu), jendea sutan jarri eta klase praktikoak ematen hasteko. Litekeena da horretarako hamaika arrazoi izatea, baina, zer nahi duzue esatea, edozein akats ortografikok baino min handiagoa eman digu albistean “Espainiako selekzioarekin arituko da zumarragarra” esaldia irakurtzeak. Oraingoan behintzat Markelek ez gaitu gu ordezkatuko. (Badaezpada ere, irakurle mesfidatientzat: Markeli onena opa diogu, baina Greziatik itzuli eta gero).
Bestelakoan, ba ongi, betiko martxan, ea oporrak behingoz heltzen diren… Portzierto, urrechuko udalak iazko abuztua aprobetxatu zuen herria baden famatu horiekin betetzeko. Espero dugu alkatesa berriak ere halako zerbait egitea, agintaldia fundamentuz hasteko. Bera bagina urrechuko plaza inguruan obra gehiago egingo genituzke, Labeaga estutu, pubetako zuzengunean pinuak landatu eta aldapa erdian semaforoa jarri. Auto gidariak izorratzeak ez du preziorik.
Jon Torner
Jon Ormazabal